INFO

Unicef: Zisjordanian hildako haur kopurua «aurrekaririk gabeko mailara» iristen ari da

Haurrentzako Nazio Batuen Funtsak (Unifef) azpimarratu du 2023a «haurrentzako urterik hilgarriena» izan dela Zisjordanian eta Jerusalemen, eta azpimarratu du «gatazkarekin lotutako indarkeria aurrekaririk gabeko mailetara iritsi dela».

Haur eta helduak Zisjordaniako Nablus hiri okupatuan, Israelek preso dituen palestinarren erretratuak erakusten. (Zain JAAFAR | AFP)

Gutxienez 124 haur palestinar hil dituzte polizia indar israeldarrek okupatutako Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Aurrekaririk gabeko kopurua da, horregatik, Unicefek ostegun honetan ohartarazi du 2023a urterik hilgarriena izaten ari dela haurrentzat, bereziki Israel Palestinaren kontra burutzen ari den genozidioaren eraginez.

«Aurtengoa urterik hilgarriena izan da Zisjordaniako haurrentzat, Jerusalem ekialdekoentzat barne, eta gatazkarekin lotutako indarkeria aurrekaririk gabeko mailetara iritsi da», adierazi du Haurrentzako Nazio Batuen Funtsaren (Unicef) txosten batek.

«Gatazkarekin lotutako indarkeriak 124 haur palestinar eta 6 haur israeldar hil ditu 2023a hasi zenetik», zehaztu du.

Erakundeak dioenez, Palestinako haurrak «beldur eta atsekabe sentimendu ia etengabearekin» bizi dira, eta horietako asko «eskolara joateko edo kanpoan jolasteko beldur dira».

«Indarkeria horren intentsitatea izugarri handitu da» urriaren 7ko Hamasen erasoaren ostean Israelek abiatu zuen erasoaldi neurrigabeaz geroztik, zehaztu du erakundeak. Unicefen arabera, azken hiru hilabeteetan gutxienez 83 haur hil dira lurralde palestinarrean «2022. urtean hildako haurren kopuruaren bikoitza baino gehiago».

«Haurren aurkako bortxaketa larriak, hilketak eta mutilazioak bereziki, onartezinak dira. Unicefek alderdi guztiei eskatzen die beraien ardurak har ditzaten giza eskubideen nazioarteko Zuzenbidearen arabera eta haurrak gatazkekin lotutako indarkeriatik babes ditzaten», azpimarratu du.

Urriaren 7az geroztik, 8.000 haur baino gehiago hil ditu Israelgo armadak Gazako zerrendan.

Baina «Zisjordaniako haurren sufrimendua, baita Jerusalem Ekialdekoena ere, ez da egungo gatazkaren bigarren mailara azpiratu behar: haren parte da», adierazi du Unicefek.

Ostegun horretan bertan, NBEk salatu du Israelgo indar armatuek eta kolono sionistek palestinarren aurkako giza eskubideen urraketa larriak egin dituztela Zisjordanian urriaren 7az geroztik. Israelek «barregarri» gisa definitu du erakundearen txostena.

Azken bi hamarkadetako urterik bortitzena ari da sufritzen okupatutako Zisjordania. Urtearen hasieratik, 522 palestinar hil ditu armada israeldarrak eta horietako gehienak (313) urriaren 7tik gaur artean hil dituzte.