INFO

Javi Zabalak ongi eutsi dio lehen mailako erritmoari partida bizi batean

Logroñokoak eta Zabaletak txapelketako bosgarren puntua lortu dute erditik aurrera huts batzuk pilatu dituzten Peña-Albisuren aurka (22-17).

Javi Zabalak debut oso txukuna izan du Binakako txapelketan. (Jon URBE/FOKU)

Erritmoa izaten da behetik gora datozen pilotariek jauzia ematerakoan gehien nabaritzen duten zailtasuna. Pilota azkar ibiltzen duten beste hiru pilotarirekin eta pilotalekuaren ezaugarriengatik, partida bereziki bizia izan da Sestaokoa, baina hori dena ez da nahikoa izan Javier Zabalaren sasoia itotzeko. Lehen mailako txapelketa batean izan duen lehen aukeran, Logroñokoak partida serioa jokatu du, Zabaletaren babesean ez da agian normalean bezainbeste sartu jokoan, baina zuzen eta bizi jokatu, errebote eder bat jota eta akats gutxi pilatuta, bikain gainditu de bere lehen azterketa serioa, Zabaletari bosgarren puntua lortzeko laguntza egokia eskainiz.

Ahal handiko bi bikote aritu dira gaur elkarren aurka lehian Sestaon eta partidak hasiera ikusgarria izan du, erremate zehatz askorik gabe agian, baina pilota abiadura bizian ibili dutelarik laurek. Aspeko bikotea indartsuago hasi da, Zabaletak bizkarra erakutsi dio Albisuri lehen txanpa horretan eta Zabalak ere sasoian dela berretsi nahi izan du bere lehen aukera handian (2-6).

Baina pixkanaka Albisuk bere lekua topatu du kantxan, atzeko borroka hori asko orekatu da eta Jon Ander Peñak ere bere protagonismoa izan du erasoan, 6-0eko partzial batekin markagailua euren aldera eramanaz (8-6).

Bikote sendoagoa

Gauza da, Baikoko bikotea ez dela erregulartasun horri luzaroan eusteko gai izan, partidaren erdialde horretan akats batzuk pilatu ditu eta bederatzinakotik aurrera, markagailuaren aginte makila Aspekoena izan da.

Jose Javier Zabaletak ez du oso pozik amaitu egindako partidarekin, tarteka agian eskertuko zukeen aurrelari errematatzaileago bat, baina Zabalarekin oso bikote sendoa osatu dute, jotzaileen artean euren potentzia gailendu da eta sailkapenaren gorenean jarraitzeko puntu oso garrantzitsua eskuratu dute, Peio Etxeberria noiz itzuliko zain.

FITXA TEKNIKOA

Peña-Albisu: 17

Zabala-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 658. Iraupena: 68,49 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-5, 2-5, 2-6, 8-6, 8-8, 9-8, 9-13, 10-13, 10-16, 11-16, 11-18, 14-18, 14-19, 15-19, 15-21, 17-21, 17-22. Sakeak: 2 Peñak eta 1 Zabalak. Egindakoak: 5 Peñak, 4 Albisuk, 7 Zabalak eta 4 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Peñak, 6 Albisuk, 4 Zabalak eta 2 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, ia 700 lagun Sestaoko Las Llanas pilotalekuan. Lehen sakea gorri.