Hainbat zauritu eta bost atxilotu Bilbon izandako liskar batean
Hainbat pertsona zauritu dira gabon zahar gaueko ospakizunetan Bilbon sortutako liskar batean. Horietako bat erietxera eraman behar izan dute. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak borroka horrekin lotuta.
2024a urratu berri, liskar bat piztu da Bilbon. Horren ondorioz, lagun bat ospitalera eraman dute eta zauritu gehiago ere egon dira. Ertzaintzak 20 eta 26 urte bitarteko bost pertsona atxilotu ditu borrokarekin zerikusia dutelakoan.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, goizaldeko bostetan gertatu da liskarra, Albiako lorategien inguruan. Bertan ehunka gazte kale zurrutean ari ziren urte berriaren iritsiera ospatzen.
Borroka bat sortua zela abisatu diote poliziari, eta zenbait patruila hurbildu dira tokira. Liskarraren eragileetako bat izan zitekeena han inguruan hartu dute gatibu, Lakuako Segurtasun sailak azaldu duenez. Gainera, pertsona bat artatu dute, lepoaldean odola zerion zauri bat zuena.
Abisu ugari aldi berean
Hainbat zaurituren berri ematen zuten abisuak jaso dituzte aldi berean, borroka berarekin lotuak denak. Arma zuriekin edo hautsitako kristalezko botilekin egindakoak ziruditen ebakiak zituzten, iturri berek zehaztu dutenez.
Osasun zerbitzuek artatu dituzte tokian bertan, eta bat Basurtuko ospitalera eraman dute.
Beste lau pertsona atxilotu dituzte, bat Indautxu aldean eta hiru Barroeta Aldamar kalean. Komisaldegira eraman dituzte guztiak, beharrezko izapideak egiteko eta datozen orduetan epailearen esku uzteko.