INFO

Peña eta Albisuk erditik aurrera hondoa jota, erraz nagusitu dira Altuna eta Martija

Astelena pilotalekuan bi partida izan dira: batetik, 10-9ra arteko lehia gogorra; ostean, 22ra zuzenean joan dira gorriak, urdinek beraiek atera duten pilota motelari txinpartak aterata. Altuna jokoan dagoela ikusi da, baina Jon Ander bien akatsek erabaki dute partida.

Urdinen laguntzaz izan bada ere, Altunaren jokoak eraman du bikote gorria garaipenera. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Oro har, ez da partida ona izan. Jokin –Altuna– bikain dago, lesioa atzean utzita eta ni ere saiatu naiz berati laguntzen, baina bigarren erdian akats batzuek egin dituzte Peñak eta Albisuk eta hor joan da partida. Beraiek atera duten pilota motelarekin askoz gusturago sentitu naiz eta aurrean Jokinek amaitzen zuen, eta gainera akatsak egin dituzte Jon Ander biek eta hor joan zaizkie aukerak», onartu du Julen Martijak Urte Berri egunean Astelena pilotalekuan uste baino askoz errazago Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuri nagusitu ostean.

«Ez genuen espero pilota hainbeste geratuko zenik, baina gauzak horrela izan dira eta horri etekina atera diogu. Hirugarren garaipenaz aparte, aurkariak bederatzi tantotan lagatzea ongi etorriko zaigu bigarren itzulira begira. Halakoak aprobetxatzen jakin behar da», gaineratu du Jokin Altunak berak, beren arerioek neurketaren bigarren erdian goitik behera egin eta hondoa jo dutela ikusi ondoren.

Izan ere Jon Ander Peñaren erremate bikain baten 10-9koa ezarri badu, handik eta 22ra zuzenean joan dira Altuna eta Martija. Tamalez, nahiz eta tarteka Amezketako aurrelariak tanto eder askoak ere egin dituen; tamalez, esan bezala, ez dute askorik egin beharrik izan 22rainoko bidea osatzeko. Albisuri bereziki partida erabat petraldu zaio eta Peñak, berriz, atzelariari lagundu nahian, presaka egin ditu azken erremateak eta kanpora ez bada behera joan zaizkio. Hala, orotara 11 pilota galdu ditu bikote urdinak, eta hasierako itxura ona erabat narrastu dute azkenean.

Kontua zera da, hasieratik Altuna bertan delako dirua harrika egon bada ere bikote gorriaren alde, baina aurreneko tantoetan ekimena Peñak eta Albisuk eraman dutela. Hala ere, ez du asko behar izan Amezketakoa aurrelariak jokoan sartu eta partidaren erritmoa bere interesen alde jartzeko. Begien itxi-ireki batek irauten duen denboran, 2-4tik 7-4ra pasa da markagailua. Batez ere gorrien pilotarekin, Albisuk lana izan ditu altunari erremateko aukera kentzen eta honek, beregan hain ohikoa duen erremate sorta erakusteari ekin dio beste behin.

Peñak eta Albisuk, nolanahi, ez diote lanari laga eta ez dute askorik behar izan ere 7na berdintzeko, Peñak sakez eta ezker airez txokoan lorturiko bi tanto eta gero. Zazpinakoa lortu ostean aldageletara joan behar izan du Tolosako aurrelariak, labur bada ere –antza denez, gastroenteritisarekin gau txarra pasata iritsi omen da Astelenara–. Bikote gipuzkoarrak beren pilotarekin Altuna jokoz kanpo lagatzea lortu dute, Martija baino jotzaileago baitira biak. Alabaina, Altunak sekulako arriskua sortu du bere keinu eta pilotakada bakoitzarekin.

Itxura baten, materialaz harago, estrategikoki elkarri nola jokatu ongi ikasita iritsi dira biko biak. Aldea, partida markagailua 12-9 dela aurreneko etenaldi luzera iritsi delarik, Albisuri hanka egindako bizpahiru pilotakadak ezarri dute, baita 12-9koa erabakitzeko Jon Ander Peñari kontrakantxara joandako erremate batek ere. Gorrien pilotak, azkenean, itxura baten erasan handiagoa egin baitie urdinei, hauenak gorriei baino. Jokoa aurrerago ekartzea erdietsi dute Altunak eta Martijak eta urdinak presaka aritu dira gorrien presioa gainetik nola kenduko, eta galdutako pilotekin ordaindu dute.

Erritmoa galduta

Hala, hutsegitez hutsegite, urdinek hain egoki ekin dieten partidako erritmoa galdu dute eta Altunak txokoan amaitu duen tanto baten ostean, 15-9koa ezarri du markagailuan. Halakoren baten hutsartea ere eskatu behar izan dute Jon Ander biek, baina ordurako partida hautsi egin da: 16-9, Albisuri txokoan aurreko koadroetan txapapera joandako beste pilotakada bat eta gero.

Tamalez, urdinak ez dira kapaz izan partidan berriro sartzeko. Zorteak ere bizkar eman die gainera, Martijak izan baititu pare bat pilotakada zeinetan goiko txapa ikutzeko zorian ibili den, baina atzelari nafarrak baleko pilotakadak ematea lortu du eta handik gutxira beti iritsi da urdinetakoren baten akatsa, Albisurena bereziki. Ataundarrak fisikoki maila bikaina eman badu era, eta tripetako arazoak arazo, Peña II.a ere ongi mugitu bada ere, biek ala biek kontzentrazioa erabat galdu dute.

Eta behin kontzentrazioa galduta, presaka hasi dira jokatzen eta tantoek aurrera egin ahala, are eta presa gehiago eta itxaropen gutxiagorekin jokatu dute. Beren pilotari arerioek txinpartak atera dizkiotela ikusita, hondoa jo arte egin dute beherantz eta aldiz, Altunak eta Martijak, Binakako Txapelketako aurreneko ligaxka hionetan atzeko postuei ihes egiten hasteko tenorea aurkitu dute, batez ere Amezketako aurrelaria jokoa berreskuratzen ari dela ikusi delako.

FITXA TEKNIKOA

Iraupena: 47.30 minutu.

Pilotakadak: 374.

Sakez: 0 Altunak eta 1 Peñak.

Tantoak: 9 Altunak eta 2 Martijak; 6 Peñak eta 1 Albisuk.

Galdutakoak: 0 Altunak eta 2 Martijak; 5 Peñak eta 6 Albisuk.

Markagailua: 0-1, 0-2, 1-2, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 7-4, 7-5, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 10-8, 10-9, 22-9.

Gorabeherak: Eskuz Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldiko partida, giro bikaina Eibarko Astelena pilotalekuan, harmailak erabat beteta. Dirua 100 60ri, gorrien alde. Aurreneko sakea, gorri.