INFO

SOS Medikuak elkarteak ez du gauez etxeko zainketa gehiago eginen hainbat udalerritan

Euskal kostaldeko eta Landetako hainbat udalerritan gauez egiten zituen etxez etxeko bisitak bukatutzat eman ditu SOS Medikuak elkarteak, urteko lehen egun honetan ‘Mediabask’-ek jakinarazi duenez. Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) oraindik ez du baieztatu, baina zaintzaileak alarma jotzen ari dira.

ARS Osasun Agentziak Samu eta larrialdietako zaintzaileak utzi ditu lehen lerroan. (Guillaume FAUVEAU)

Urtarrilaren 1 honetatik aurrera ez da SOS Medikuen etxeko bisitarik izango gauerditik goizeko zortziak bitartean Baiona, Angelu, Biarritz eta inguruko beste bederatzi erkidegotan. Hilabeteak dira eguneko etxeko bisitak kenduta dituztela. Beraz, osasun profesionalen elkarteak 20.00etatik gauerdia bitartean eginen ditu bisitak.

‘Mediabask’-ek eman du informazioa, urtea estreinatzearekin batera. Azaldu duenez, Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) ez du ofizialki jakinarazi, baina izenik eman nahi izan ez duen zaintzaile batek kontatu dio berria hedabideari. «ARSko lurralde ordezkaritzak abendu hasieratik zekien, ez zuen erreakzionatu, ordea, ezta gaiari buruz informatu ere, dentsitate demografiko handia duen inguru zabal bateko biztanleei ezinbesteko zerbitzu bat kenduz eta Samu eta larrialdietako zaintzaileak lehen lerroan utziz», idatzi du osasun profesional honek.

Larrialdiak gainezka eta itxaronaldi luzeak

Zaintzaile honek salatu duenez, erabaki honek hainbat ondorio tamalgarri ekarriko ditu. Hasteko, mugikortasun urria duten pertsonen edo garraiobiderik ez duten inguruetan bizi direnen arreta zerbitzuak murriztuko dira. Gainera, gauez etxeko bisitak gelditzeak larrialdi zerbitzuak gainezka egitea ekarriko duela uste du profesionalak. Ondorioz, tratamendua jasotzeko «luze itxaron beharko da».

Kezkatuta, alarma jo du zaintzaileak: «Hortaz, biztanleei ohartarazi behar diegu, etxean gutxienez farmazia txiki bat izan dezaten (termometroarekin, analgesikoekin, digestio-arazoetarako tratamenduekin...), patologia errazenak kudeatu ahal izateko. Zaintzaileenganako are ulermen handiagoa eskatu nahi diegu».

Kontsulta ordutegi zabala

‘Mediabask’ ARSrekin harremanetan jarri den arren, honek ez dio erantzun. Baina osasun agentziak ‘France Bleu Pays Basque’-ko kideei azaldu zien erabakia osasun profesional erabilgarririk ezaren ondoriozkoa dela, eta etxeetako gaueko bisitak kentzearen truke, SOS Medikuen zentroko kontsulta ordutegia zabaldu egin dela.

Goizeko ordu biak arte joan ahal izanen da kontsultara. Orain arte gauerdira arte zegoen aukera. Irekiera ere bi ordu lehenago izanen da, goizeko seietan.