INFO

Arcelor Mittalek urtebetez luzatu du aldi baterako lan-erregulazioa hiru lantegitan

Arcelor Mittalek urtebetez luzatu du aldi baterako lan-erregulazioa Etxebarri, Agurain eta Lesakan dituen lantegietan. Neurri hau salatu du ELAk, zuzendaritzak egoeraren araberakoa izan beharko lukeen neurri bat modu estrukturalean erabiltzen duela iritzita.

Arcelor Mittalen Etxebarriko lantegia. (EUROPA PRESS)

ELAk ohar baten bitartez iragarri duenez, Arcelor Mittalek urtebetez luzatu du aldi baterako lan-erregulazioa Etxebarri, Agurain eta Lesakan dituen lantegietan.

Sindikatuak salatu du enpresak iruzurrean erabiltzen duela neurri hau, izan ere, egoera jakin baterako izan beharko luketen aldi baterako lan erregulazioak, «estrukturalki» erabiltzen dituela dio.

«Enpresak 14 urte daramatza espedienteak aplikatzen, eta hori erabat irregularra da. Gainera, kasu honetan, urtebetez luzatu da espedientea; epe hori guztiz da gehiegizkoa. Gainera, enpresak ez ditu espedientearen arrazoiak justifikatu, eta estatuko sindikatuek aurreko espedientea duela 3 hilabete sinatu zutela aprobetxatu du aipatutako luzapena ezartzeko», azaldu du ELAk.

Horren haurrean, sindikatuak «inbertsio gehiago, plan industrialak eta kontratazio berriak» eskatzen ditu.

«Euskal Herriko lantegietan, enplegu galera etengabea da, eta ez da ia kontrataziorik egiten; aldi berean, txanda kontratua modu irregularrean erabiltzen da», nabarmendu du.

Era berean, Iruñeko eta Gasteizko Gobernuei eskatu die «enpresaren zuzendaritza bultzatzen ari den desindustrializazio-prozesuaren aurrean jarduteko».