INFO

‘Oldarraldiz oldarraldi, beti tinko’ goiburuarekin egingo da Txillardegiren omenezko ekitaldia

12 urte dira Jose Luis Alvarez Enparantza hil zela, eta Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak bera omentzeko ekimen xumea antolatu du. Datorren urtarrilaren 14an izango da, pentsalari, idazle, hizkuntzalari eta politikaria bizi izan zen Donostiako Antigua auzoan, bere izena daraman plazan.

Txillardegiri egindako urteroko omenaldiko irudi bat, Antiguan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak Jose Luis Alvarez Enparantza omentzeko ekitaldia antolatu du bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean, Donostiako Antigua auzoko Txillardegi Plazan (Gaskuina Plaza), eguerdian.

Ekitaldiak ‘Oldarraldiz oldarraldi, beti tinko!’ goiburua izango du. Bertan izango dira Kike Amonarriz eta Euskal Herrian Euskaraz taldearen ordezkari bat, Txillardegiren ekarpena eta euskarak bizi duen oldarraldia azaltzeko eta aztertzeko. Horrekin batera, ez dira faltako lore eskaintza, aurreskua, bertsoak, kantuak eta dantza, denen artean idazle, pentsalari, hizkuntzalari eta politikari handi honi zor zaion aitortza aldarrikatzeko eta, bidez batez, oraindik izenik ez duen Donostiako Udaleko Udal Liburutegi Zentralari Txillardegi izena jar deizaioten eskatzeko. «Martin Ugaldek, Koldo Mitxelenak edota Elvira Zipitriak Donostian duten modu berean, Txillardegik ere bere eraikina izatea merezi duelako Donostian», azpimarratu dute.

Peru Aiartza bertsolaria ariko da kantuan. Aurreskua pentsalariaren etxeko bi kidek dantzatuko dute, Sua eta Janitz Enparantzak. Eta Revuelta eta Etxebeste izango dira musika jarriko dutenetako batzuk.

Guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.