INFO

‘Sionismoarekin konplizitaterik ez’ lelopean mobilizazioa deitu dute Ordizian, hilaren 27an

Datorren urtarrilaren 27an, Ordizian, mobilizazioa egingo du Palestinarekin Elkartasuna dinamikak, «mendebaldeko gobernuen, erakundetutako alderdi politikoen eta enpresen konplizitatea salatzeko, bereziki, CAF trenbideen euskal enpresarena».

‘Sionismoarekin konplizitaterik ez’ lelopean, mobilizazioa egingo dute Ordizian hilaren 27an. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Sionismoarekin konplizitaterik ez’ lelopean, mobilizazioa egingo dute Ordizian hilaren 27an. Joan den azaroaren 11n egin bezala, Palestinarekin Elkartasuna dinamikatik, Euskal Herriko hainbat kolektibo eta gizarte eragile biltzen duen plataforma, «fase berri batera pasatzeko beharra» nabarmendu zuen, eta Palestinarekiko elkartasun aktiboa egiteko deia egin zuten, hiri eta herrietan egindako mobilizazioetan.

Horretarako, datorren urtarrilaren 27an, Ordizian, San Bartolome auzotik, 12:00etan, abiatuko den manifestazio nazional batera dei egin dute, «mendebaldeko gobernuen, erakundetutako alderdi politikoen eta enpresen (Sener, Carrefour) konplizitatea salatzeko, bereziki, CAF trenbideen euskal enpresarena».

«CAFek eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarrak Jerusalemgo tren arinaren hedapenean parte hartzen dute (JLR ingelesez). Tranbia horrek hiria Israelen legez kanpoko koloniekin lotzen du Palestinako Lurralde Okupatuan», ekarri dute gogora.

Palestinarekin Elkartasuna dinamikatik proiektu hori «legez kanpokoa» iritzi dute. «Proiektu horrek, palestinarren jabetzak konfiskatu, lurralde palestinarra erantsi, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak lekualdatu eta kolono sionistak Palestinako Lurralde Okupatura transferitzea ahalbidetzen du».

Hauen hitzetan, «nazioarteko komunitatea deritzon eta CAF bezalako enpresen konplizitateari esker baino ezin du mantendu palestinarren aurkako okupazio, kolonizazio eta apartheid erregimena» Israelgo Estatuak. «CAFek eta bere akziodunen parte direnek, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Palestinako genozidio sionistari laguntzen diote. Mundu osoko kolektibo eta gizarte-eragile askok sionismoaren konplize izateari uzteko eta erakunde sionistarekiko kontratu guztiak bertan behera uzteko eskatu diote CAFi».

Israelekin «era guztietako harremanak» eten ditzaten eskatu diete alderdi politiko «guztiei» eta «Palestinaren aurka armak bidaltzen dituen espainiar Estatuari babesa emateari utz diezaioten; eta baita enpresei, erakundeei eta espainiar eta frantziar Estatuei sionismoarekiko konplizitate oro amai dezaten eskatzeko unea ere».