INFO
Interview
Joseba Ezkurdia
Aspeko aurrelaria

«Nire buruarekin gehien haserretu nauena da ez naizela erregularra izaten ari»

Sailkapenaren azken postuan, baina etsirik hartu gabe ekingo diote arbizuarrak eta Xabi Tolosak Binakakoaren bigarren itzuliari, Tolosan, Peio Etxeberria-Zabaletaren aurka, Azkoitian lehen jardunaldian lortutako garaipena errepikatzeko asmoz.

Joseba Ezkurdia. (Jon URBE/FOKU)

Bere buruarekin kritiko, baina ilusiorik batere galdu gabe topatu genuen arbizuarra atzo Beotibarren, bihar jokatu beharreko partidarako pilotak inolako arazorik eta kexurik gabe apartatu ostean. Egunik garrantzitsuenetan eurena eman ez izanagatiko penaren eta bikote handienetako biri irabazi izanak ematen duen konfiantzaren artean oreka topatu nahian.

Txapelketa oso ondo hasi zenuten Azkoitian Peio-Zabaletaren aurka garaipena eskuratuta, baina gero beste puntu bat baino ez duzue batu. Zer balantze egiten duzu lehen itzuli honetaz?

Pena eta haserre puntu bat badugu, partida erabakigarrietan ez dugulako gurea nahi bezala egin eta puntu garrantzitsuek ihes egin digutelako. Baina, bestela, sentsazioak entrenamenduetan-eta onak dira, partida batzuetan ere sentsazio onak izan ditugu tarteka, baina erregulartasuna falta izan zaigu eta hartu beharra daukagu bai edo bai, bigarren itzuli ona egin nahi badugu. Azkenean bi bikote oni irabazteko gai izan gara, Altuna-Martija eta Etxeberria-Zabaletari eta gauza onekin geratu behar dugu eta txarretatik ikasi.

Puntuak igual gutxien espero zenituztenean lortu dituzue, hortaz?

Bai. Egutegian izaten dira gorriz markatutako egun batzuk eta partida horietan ez dugu gurea eman, aurkariak hobeakizan ziren eta punturik gabe itzuli ginen etxera, eta horrekin gaude bereziki haserre edo penarekin, baina oraindik bigarren itzuli osoa geratzen da, puntu asko daude jokoan.

Eta zu, pertsonalki, nola aurkitzen zara?

Ba, hobeto egon gara, baina ondo. Entrenatzen ondo ikusten dut nire burua, sentsazioak onak dira, eta gero partidetan kosta egiten zaigu, irregularrak izaten ari gara.

Azken partida izan daiteke horren adibidea; tarteka oldarkor eta jokoz ikusi zintugun, baina garaipenetik urrun geratu zineten azkenerako.

Aurrekoan bikote handia (Jaka-Mariezkurrena) izan genuen aurrean. Jon txapelketa guztian alde ikaragarriak markatzen ari da, Zabaletaren aurka izan ezik, eta bagenekien partida zaila genuela, baina egindako partidarekin gustura geratu nintzen. Detaile batzuk kenduta, erasokor eta txisparekin aritu nintzen; azkenean egoera zailean aritu izan behar genuelako, lehengo egunekoarekin baino, beste partida batzuekin askoz haserreago geratu nintzen nire buruarekin. Nik uste azken partidako bidea dela jarraitu behar duguna, erasokor jokatu, oldarkor, beldurrik gabe. Nik uste hori dela bidea.

Dagoeneko esan dezakegu 2023a ez zela zure urterik onena izan. Zer eskatzen diozu urte berriari?

Bueno, ba lesioek errespetatzea, partida asko jokatzea txapelketetan eta ahalik eta goren egotea. Gero irabaztea beti da zaila, goi horretan egotea ere bai, baina nahi nuke berriro ere sentsazio onekin aritzea eta nire buruarekin konfiantza izan eta disfrutatzea.

Noiztik falta duzu konfiantza hori. Irabazitako Lau eta Erdikoan goia jo zenuela ematen du eta handik aurrera txakalaldi batean bazeunde bezala.

Bai, nire buruarekin gehien haserretu nauena da ez naizela erregularra izaten ari beste urte batzuetan bezala. Partida batzuk onak egin ditut eta handik 15 egunera txarra, eta hori da zuzendu nahi dudana. Uda ona egin nuen, uda bukaerarekin bereziki  gustura nengoen, hiru torneo irabazi genituen, eta, egia esan, sanmateoetako sentsazioak oso onak ziren. Gero Lau eta Erdian gauzak ez ziren nahi bezala irten. Aurreneko partida, gustura jokatuta, irabazi nuen, baina gero, berriz ere, buruak lan handia egin zidan eta ez nintzen gai izan txapelketa on bat egiteko. Baina helburua hor egotea da, ahalik eta partidarik onenak egitea, disfrutatzea eta ea buelta emateko gai garen.

«Buruak lana egiten dit, baina saiatu beharra daukat partidetan disfrutatzen, tanto bat galtzean edo nahi bezala ez jokatzean hainbeste buelta ez ematen»

Zer da orduan, buruko zerbait? Lan egiten duzula ezin zaizu ukatu, baina partida batzuetan inspiraziorik gabe bezala sumatu zaitugu.

Bueno, denetik pixka bat. Nik ez dut uste inspirazio falta dudanik, segun ze partidetan inspirazio aldetik ezin naiz kexatu; esaterako, Peio eta Zabaletaren aurka Azkoitian asko disfrutatu nuen, Bartzelonan ere bai, Artolaren aurkako bigarren zatian ere bai, baina azkenean denok nahi dugu irabazi eta zaila da. Buruak lana egiten dit, baina saiatu beharra daukat partidan zehar disfrutatzen, tanto bat galtzean edo nahi bezala ez jokatzean hainbeste buelta ez ematen. Inspirazio aldetik ahalik eta egokien egoten saiatuko gara, baina lanean jarraituta.

Bere txarrean, play-offetan sartzea oraintxe puntu bakarrera duzue...

Hori da. Sistema hau jarri zutenetik, bukaerara arte aukerekin egon zaitezke. Esaterako, orain bi urte Xabirekin ere azken jardunaldira arte kanpoan egon ginen eta azken unean sartu ginen. Ilusio eta esperantza horri eutsi beharko zaio eta ea berriro gauza bera egiteko gai garen.

Azkoitian Peio eta Zabaletari irabazteko gai izan zinen, baina orain hobeto daude, ala?

Askoz hobeto. Partida hura Peiok Lau eta Erdiko finala jokatu eta bost egunera jokatu genuen eta nik uste ez zegoela binaka jokatzeko. Frontoi hura gainera berezia eta jokatzeko zaila da, guretzat Tolosakoa baino hobea, baina oso zaila dugula jakinda, beldurrik gabe, puntua ateratzen saiatuko gara berriz ere.