INFO

Arai Lejardi da aurreneko txapelduna Zesta Puntako Emakumeen Banakako Txapelketan

16 urteko Markinako atzelariak bi setetan, 12-8 eta 12-5, irabazi zion zapatuan Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrari, Berriatuan ospaturiko finaletan. Mutilei dagokienez, Aritz Erkiagak bere laugarren txapela eskuratu zuen, hirugarrena segidan, 12-5 eta 12-6 Erik Mendizabal menperatuta.

Arai Lejardi da zesta puntako buruz buruko txapela buruan duen aurreneko emakumea. (@EITB)

Berriatuko Elizateko Udal Pilotalekuan zesta puntaren historiara pasa beharreko data izan zen atzokoa, Arai Lejardi 16 urteko Markinako atzelariak lortu baitzuen Zesta Puntako Banakako Emakumeen Txapelketako aurreneko titulua. Jokalari bizkaitarra etxetik gertu eta zaleek lagunduta aritzeaz gain, nahiko erraz nagusitu zitzaion Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrari, bi setetan, 12-8 eta 12-5 nagusitu zitzaion-eta.

«Hasieran ez naiz horren eroso aritu, baina seta nire alde eramatea lortu dut eta horrek bigarren seta konfiantza handiagoz jokatzen laguntzen du. Han ere ondo hasi naiz –4-0 aurreratu baitzen–, eta Maitek harrapatu banau ere, azkenean nire alde erori da.

Ordu erdi pasatxo nahikoa izan zuen pilotari bizkaitarrak txapela bere burura eramateko. Errebesez piloteoan nagusi izan zen aurreneko tantoetan urduri xamar arituagatik, eta behin aurreneko seteko atsedenaldiaz geroztik, bere legea ezarri zuen.

Maite Ortiz de Mendibil bera boladaka maila onean aritu zen. 18 urteko aurrelari gasteiztarrak eskuinarekin oinarritzen du bere jokoa, baina Lejardi gehiago izan zen, nabarmen.

«Hasieran gustura aritu naiz, baina gero tantoak gainera etorri zaizkit eta ez dut nire mailarik eman», onartu zuen aurrelari arabarrak.

Zortzi pilotarik hartu dute parte Emakumeen Zesta Puntako Banakako Txapelketa honetan, eta finalista biek bat egin zuten oraindik ere moldatzea falta bazaie ere, maila nahiko txukuna izan dela. «Horren gutxi buruz buru aritzeko, nahiko ongi aritu garela esango nuke, eta gainera zaleek bikain erantzun dute partida bakoitzean, ez finalean bakarrik», hausnartu zuen Arai Lejardi txapeldunak, zentzu horretan.

Erkiaga, maisutasunez

Emakumeen finala alde nabarmenaz erabaki bazen, are eta alde handiagoz nabarmendu zen Aritz Erkiaga gizonezkoen finalean. Ispastergo pilotariak 16 tanto amaitu zituen eta bi kale baino ez zituen egin Erik Mendizabal airean aurretik eramateko: 12-5 eta 12-6 nagusitu zen azkenean.

Ondorioz, pilotari bizkaitarrak bere laugarren txapela eskuratu zuen, jarraian lortzen duen hirugarrena, hain justu. «Markagailuak dioena baino gehiago sufritu behar izan da irabazteko. Fisikoki partida gogorra izan da tantoak lantzearen alde ekin dugulako biok ere partidak aurrera egin ahala aukera handiagoak izateko», adierazi zuen, hala ere, Ispasterkoak.

Laugarren txapela eskuratu arren, «aurkari asko eta onak» daudela azpimarratu zuen. «Lanean jarraitu behar da aurrean izateko. Badaude tanto baten gorabeheran kanpoan geratu diren pilotariak eta, beraz, aintzat hartu behar da aurkariak asko eta onak daudela», iritzi zion txapeldunak.

Ia hutsik egin gabe eta errematean azti, Mendizabal inolako aukerarik gabe aritu zen finalean. «Zorte apurtxo bat falta izan zait finalean lan hobea egiteko, baina alde batetik tristura apur bat badaukat ere, beste alde batetik oso pozik noa, txapelketa honetan finala jokatzeko aukera izateagatik», azaldu zuen Boliviako Trinidaden sorturiko puntistak.