INFO

Aita Mariren 2024 urteko jarduna aurrera ateratzeko diru bilketa hasi dute

Mediterroneo itsasoan erreskate lanetan aritzen den Aita Mari ontziaren 2024. urteko jarduna aurrera ateratzeko diru bilketa hasi du interneten Itsas Salbamendu Humanitarioa taldeak. Lehen helburua erregaia ordaintzeko 21.000 eskuratzea da. 100.000 eurorekin lehen misioari egingo liokete aurre.

Aita Mari ontziak egin duen erreskateetako bat. (David MELERO)

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak sarean dirua biltzeko kanpaina bat jarri du martxan, Aita Mari erreskate ontziaren 2024. urteko lehen kanpaina finantzatzeko, gutxienez 21.000 euroko aurrekontuarekin. Mediterraneo itsasoan Afrikatik Europarako bidea egiten duten hiltzear dauden pertsonak erreskatzen aritzen da Aita Mari ontzia.

Gobernuz kanpoko erakunde honek prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, dirua biltzeko kanpaina asteazken honetan hasi da, eta Goteo plataformaren bidez eta Fiare banku etikoarekin elkarlanean egingo da. Finantzaketa kolektiborako kanpaina 40 egun iraungo du gutxienez, baina luzatzeko aukera izango da, «parte hartzaileak erakartzen jarraitzen badu».

Kapaina honetarako jarri duten lehen helburua gutxienez 21.000 euro biltzea da, Aita Mari erreskate ontziaren «2024ko lehen misioaren erregai gastuari aurre ahal egiteko». Gehienezko xedea, berriz, 100.000 eurokoa da, kopuru horrek ahalbidetuko lukeelako «urteko lehen misiorako beharrezkoak diren ia gastu guztiak ordaintzea». Diru bilketa kanpaina honetan parte hartu ahal izateko Goteo plataformaren webgunera sartu behar da.