INFO

Oihana Etxebarrieta izango da EH Bilduko hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramailea

EH Bilduko Mahai Politikoak Oihana Etxebarrieta izendatu du hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramaile izateko. Ibilbide luzea du Etxebarrietak mugimendu feministan zein koalizio subiranistan bertan, eta egun Idazkaritza Feministako arduraduna da.

Oihana Etxebarrieta, EH Bilduko hauteskunde batzordeko bozeramailea (EH Bildu)

EH Bilduren Mahai Politikoak ohiko bilkura egin du astelehen goizean Donostian, eta bertan hartu du Mahai Politikoak Oihana Etxebarrieta hauteskunde kanpainako bozeramaile izendatzearen erabakia. Gasteizko Legebiltzarrerako lehendakarigaia Pello Otxandiano izango da, abendutik jakina denez, eta hauteskunde horietako batzordearen bozeramailea izango da Etxebarrieta.

Ohar batean jakinarazi du erabakia koalizio subiranistak, eta bertan azaldu du Etxebarrietaren ibilbidea. «Oihana Etxebarrieta Legrand Bilbon bizi den 36 urteko (1987) hondarribiarra da. Kazetaria ikasketaz, mugimendu feministako kidea gazte-gaztetatik eta 2016tik Gasteizko Legebiltzarreko parlamentaria. Euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa menperatzen ditu eta Giza Eskubideen, Berdintasun eta Justizia Batzordeko zein Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordeko kidea da».

Horrez gain, nabarmendu du EH Bilduko Idazkaritza Feministako arduraduna dela eta «politika ulertzeko eta egiteko modu berrituekin konprometituta» dagoela eta gobernantza feministaren sustatzaile eta teorizatzailea dela. «Hala, herri honek aurrez aurre dituen erronkei erantzuteko zein ziklo politiko berrian premiazkoak izango diren praktika politikoak gorpuzteko ardura izango du», gaineratu du EH Bilduk oharrean.