INFO

Ondarroa, Ibarra eta Baionako muralak, munduko onenak izateko hautagai

Kaleko artean berezitutako Street Art Cities plataformak Ondarroa, Ibarra eta Baionako hiru mural izendatu ditu 2023ko onenen artean. Lehenak, Djoels flandriarrarena, arrantzale bat du abiapuntu; bigarrenak eta hirugarrenak, Nexgraff pasaitarrarenak, kulturaren transmisioa irudikatzen dute.

Ondarroan Djoelsek egindako horma irudia. (STREET ART CITIES)

Kaleko artean berezitutako nazioarteko plataforma nagusienetakoa da Street Art Cities, urteko mural onenen hautaketa egin ohi duena. 2023rako hautagaiak aurkeztu berri ditu eta, haien artean, Euskal Herriko hiru proposamen egin ditu: Ondarroan Djoels flandriarrak egindakoak batetik, eta Nexgraff (Nextor Otaño) pasaitarrak Ibarran eta Baionan osatuak bestetik.

Aipatzekoa da iaz Ondarroako horma-irudi bat hautatu zutela munduko hiru onenen artean. Eta Nextor Otaño, bere aldetik, top 10ean sartu zela.

Aurtengoei dagokienez, Ondarroakoa Kamiñazpi Artisten Egoitza programaren barruan Djoels artistak egindako mural sorta da. Programa honen barruan, artistak bi aste eman zituen herrian, herritarrak eta bertako ohiturak eta historia ezagutzen eta egonaldiaren hirugarren astea jasotako ideiak mural batean irudikatzeko baliatu zuen.

Djoels-ek plataformari azaldu dionez, Ondarroa «mendiz inguratutako portu hiria da, Egem baino zertxobait handiagoa, baina antzerako pentsamoldeduna. Denek ezagutzen dute elkar, eta jazoerek azkar bidaiatzen dute. Zaintza partekatua egiten dute eta bertako historiak bizirik dirau».

Artistak Gabriel Arrizabala arrantzale ohia hartu zuen muralerako eredu gisa eta horma-irudian ontzi baten maketa margotzen irudikatu du: «Gabriel izan da nire eredua. Gizon gozoaren itxura duen arrantzale erretiratua da. Itsasoan eman du bizitza, hilabete luzez etxetik kanpo, arrainak harrapatzen. Istorio zirarragarriak aditu nituen, lurrean geratu ziren emakume eta haurrenak barne. Beldur ziren, aita etxera onik helduko ote zen ala ez. Orain miniaturazko itsasontziak egiten ditu, benetako artista da», adierazi du.

Ibarrak Nexgraff pasaitarrak margotutako murala. (STREET ART CITIES)

Bigarren euskal izendatua, esan bezala, Ibarran Nexgraff pasaitarrak egindakoa da. Murala Ibarralde kalean dago eta, Street Art Cities plataformatik azaldu dutenez, euskal tradizioan sustraitua dago. «Nekazaritza eta kultur tradizioak belaunaldi batetik besterra paratzea ibartarren eta inguruko eskualdeetako biztanleen nortasunaren alderdi garrantzitsuak dira».

Horma-irudia bi astetan egin zela ere zehazten dute, Ibarrako Udalaren sustapenez eta pintura plastikoa erabiliz, eta 33 metro luze eta 7 zabal neurtzen dituela ere aipatu dute.

Irudian, amona bat bere bilobarekin ageri da lorategi edo baratze batean, belaunaldien arteko transmisioa irudikatuz.

Ardia besoetan, oilaskoa buruan eta tuareg bat?

Baionako Zizpa gaztetxean egindako muralaren egilea ere Nexgraff da. Points de Vue arte urbanoaren jaialdian egindakoa, mural hori kokatu da 2023ko onenen artean.

Nexgraffen murala, Baionako Zizpa gaztetxean. (STREET ART CITIES)

Artistak Street Art Cities webgunean azaldu duenez, irudiak jendearen harridura eragin zuen. «Ardia besoetan, oilaskoa buruan eta tuareg bat? Benetan? Zer esan nahi du?», galdetzen zioten.

«Ardi bat ikusten duzunean lotarako ipuinetan pentsatzen duzu? Klasikoa! Obra hau bonboi kaxa bat bezalakoa da: batzuetan ahaztu egiten zaigu nola dastatzen den. Esanahi sakonen bila bazabiltza, primeran, baina bakarrik oilo bat WiFi bila ikusten baduzu, hori ere ondo dago! Azkenean, festa batera gonbidatzen zaituen lagun bat bezalakoa da artea, eta dantza egin nahi duzun edo sofan geratu nahi duzun aukeratzen uzten dizu, erreprodukzio zerrenda kritikatzen. Interpretazioa zabala da», argitu du.

Muralean beste bi elementu agertzen dira. Alde batetik, «tuareg» hori Nexgraff bera da. «Baionako Point de Vue jaialdian, eguzki zigortzaile baten pean, margotu nuen murala. Eguzkitik babesteko, kamiseta zuri batekin burua estaltzea erabaki nuen. Fashion ukitu horrekin, nire autoerretratua margotzea erabaki nuen obran», jakinarazi du pasaitarrak.

Azkenean, beheko partean, kotilungorria agertzen da, Uztaritzeko inauteriei omenaldia eginez. «Arrazoia? Bertako kulturari keinu bat!», aldarrikatu du.