INFO

Eskola autobus bat bidetik atera da Ultzaman, elurra dela-eta, zauriturik eragin gabe

Larraintzar eta Iraizotz artean bidetik atera da eskola autobus bat, elurtearen ondorioz. Ez da zauriturik egon eta herritarren laguntzarekin atera ahal izan dute bide bazterretik.

Eskola autobus bat bidetik atera da Larraintzar eta Iraizotz artean. (Foruzaingoa)

Eskola autobus bat bidetik atera da Iraizoz eta Larrainzar artean, zauriturik gabe, gaur goizean Ultzaman izan den elurtearen ondorioz, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Foruzaingoaz gain, suhiltzaileak ere bertaratu dira eta herritarren laguntza eskertu dute ibilgailua atoian eraman ahal izateko.

Hori da, oraingoz, Foru Erkidegoko errepideetan eragin nabarmenena, elurteengatik alerta egoeran dagoen egun batean. 11:00etan kateak beharrezkoak ziren Lekunberritik Aralarko San Migelera igotzen den errepideko 4. kilometrotik eta Belaguako portuan zirkulatzeko.

Iruñerrian ikusi dira lehen elur malutak, zuritu gabe. Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, Udalaren alerta-dispositiboa aktibatuta dago, baina ez da uste trafikoari eragin diezaiokeenik arrazoi horrengatik.

Nolanahi ere, Foru Gobernuak gomendatzen du arretaz gidatzea errepide- arean, elurra egin dezakeelako, eta litekeena delako 5 cm pilatzea pirinioetan, eta 2 cm ipar-mendebaldeko mendilerroetan. Arian, besteak beste, Erteikoa landetxeak X sare sozialean eskegitakoaren arabera, elurte mardula bota du.

Lakuako Segurtasun sailak adierazi duenez, bestalde, EAEn -5,5 graduko tenperatura minimoa izan dute asteazken goizaldean Iturrietako neurketa estazioan, Agurainen (Araba), 01:10ean. Gainera, -3,8 graduko tenperatura minimoak erregistratu dira Roitegin, Arraia-Maeztun, 03:30ean, eta -2,8 gradukoak Kanpezun, 02:20ean.

Lakuako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du asteazken honetarako, 24:00ak arte, 1.000 metrotik beherako elur arriskuagatik. Iragarpenen arabera, elur kota 600-800 metrotan egon daiteke, Arabako ekialdean beherago. Hala ere, prezipitazio txikia, ertaina, eta barnealdean izotz txikia egitea espero da, batez ere mendi inguruetan. Egunerako aurreikusitako lodierak hauek dira: 2-10 cm 1,000 metrora, 0-2 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.

Elur arriskuari dagokion abisu horia indarrean egongo da ostegun honetan ere, 00:00etatik 12:00etara. Elur kota 500 metro ingurukoa izango da, arratsaldean gora egingo du eta azken orduetan 900-1.000 metrotan kokatuko da.

Eguraldiari buruzko informazio guztia, NAIZen.