INFO

Negu beteko tenperaturak izan arren, La Sirena aterpetxea itxita dagoela salatu dute

Donostian kalean bizi diren pertsonentzako La Sirena aterpetxea itxita dagoela salatu dute EH Bilduk eta Harrera Sareak, tenperaturak hotzak diren arren. Negu osoan zehar ireki daitekeela uste dute, egun irekitzeko baldintza 0 gradu baino gutxiago izatea da eta. Mobilizazioa deitu du Harrera Sareak.

Donostiako La Sirena aterpetxea, artxiboko irudi batean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostian kale egoeran dauden 100 pertsonei aterpea emateko La Sirena baliabidea itxita dagoela salatu dute EH Bilduk eta Herritarron Harrera Sareak, egunotan ditugun tenperaturak oso baxuak diren arren.

Biek ala biek «borondate politikoa» eskatu dute eta irekitzeko protokoloa gaurkotzea ere galdegin du EH Bilduk, «eguraldia are txarragoa izan arte itxaron gabe». Koalizioak dioenez, «humanoagoa izan behar du» protokoloak.

Zehazki, Hotzaren Protokoloa delakoa da hobetu nahi duena. Honen arabera, Euskalmeten iragarpenak hartzen dira erreferentziatzat eta, 0 gradu baino gutxiagoko tenperatura egonez gero, aterpetxea irekitzen da. Irizpide hori, EH Bildurentzat, «zaharkituta» dago.

Honakoa adierazi du EH Bilduk ohar baten bidez: «Berehala irekitzeko baliabide bat dugu prest, 100 ohe zain daude, profesional prestatuak... garrantzitsuena baino ez da falta, borondate politikoa, ‘inor atzean uzten ez duen Donostia’ hitzetatik ekintzetara pasatzeko».

300 lagun tokirik gabe

Bestalde, Herritarron Harrera Sareak jakinarazi du Donostian 300 pertsona baino gehiago daudela aterpe hartzeko tokirik gabe eta Udalak aterpe plazak zabaltzea nahi du. Gainera, Gipuzkoako beste udal batzuk, Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua interpelatu ditu, «inplikatzea dagokielako».

Hori aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako, Donostiako udaletxearen aurrean, Igentea kalean, 19.30ean.

Joan den neguan ere aterpetxea egunero irekitzeko hainbat eskaera egin ziren, erabiltzaileen eta elkarteen partetik. EH Bilduk protokoloa aldatzea eskatu zuen joan den urtean ere bai.

Halaber, koalizioak gogorarazi du Harrera Sareak, SOS Arrazakeriak eta «beste hainbat erakundek» Arartekoarengana jo dutela konponbideak eskatzeko eta, Euskalmeten iragarpenekin, herritar askok La Sirena irekitzeko eskaerak egin dizkietela Udalari.

EH Bilduren Interpelazioa

Egunotarako iragarri diren tenperatura oso baxuen aurrean, EH Bilduren udal taldeak interpelazio bat erregistratu zuen joan den astean, datorren astelehenean, hilaren 15ean, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Mariaje Idoetak zuzentzen duen Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean erantzun dezan. Honako hauek dira galderak:

«Zergatik ez da erabiltzen La Sirena etxerik gabeko pertsonak klimatologiatik babesteko, izotza egon arte itxaron gabe, are gehiago, erabiltzeko prest dagoen zerbitzua izanik?»

«Zer dela eta ez da abiatu 2023ko urrian delegatuak adierazitako lankidetzarako foroa, ikusita gero eta pertsona gehiago daudela kale egoeran edo baldintza minimoak betetzen ez dituzten aterpeetan (eraikin abandonatuak eta abar)?»

«Zein neurri hartu behar ditu udal Gobernuak azken urteetan ematen ari den pertsona etxegabe kopuruaren tendentziaren aurrean?»