INFO

10.000 adingabe baino gehiago hil dira Gazako Zerrendan, Save The Childrenek salatu duenez

Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak deitoratu berri duenez, «Gazako Zerrendako haurren %1» hil da Israelgo Armadaren erasoaldiaren ondorioz, 10.000 adingabe baino gehiago. Behin betiko su-etenik gabeko egun bakoitzeko, batez beste 100 haur hil direla ohartarazi du.

Gizon bat Khan Yunisen, Gazan, hildako haur baten gorpua eusten. (Mahmud HAMS | AFP)

10.000 adingabe baino gehiago hil dira Gazako Zerrendan Israel burutzen ari den eraso militar gogorretik hiru hilabete pasa direnean, eta beste milaka desagertuta daude hondakinen azpian, Save The Children erakundeak salatu duenez.

Gazako agintariek 23.400 hildako baino gehiago salatu dituzte orain arte, horien artean 10.000 haur gutxienez, guztien %40. Beste 7.000 pertsona (tartean milaka haur) desagertuta daudela ohartarazi dute, ustez hondakinen azpian harrapatuta.

Hildako 10.000 haurrak eremuan bizi diren 1,1 milioi haurretatik %1 dira, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

«Indarkeriatik bizirik irauten duten Gazako haurrek deskribatu ezin daitezkeen izugarrikeriak jasaten dituzte, hala nola bizitza aldatzen dieten lesioak, erredurak, gaixotasunak, arreta mediko desegokia eta gurasoen eta beste pertsona maite batzuen galera», adierazi du GKE honek.

«Gazako 1.000 haur inguruk hanka bat edo biak galdu dituzte, askori anestesiarik gabe moztu dizkiete, eta bizi osorako osasun arreta beharko dute», erantsi du.

Bonbardaketetatik bizirik ateratzen diren haurrek «indarkeriatik ihes egin behar izan dute, askotan, joateko leku segururik gabe, eta zalantzazko etorkizun baten izuari aurre egin behar izan diote», dio Save The Childrenek. Munduan haurren babesaz arduratzen den nazioarteko erakundea da, bereziki gatazka eremuetan.

Beste batzuk gosez eta gaixotasunez hiltzeko arriskuan daude; izan ere, gosetea gero eta gertuago dago. Bizirik dirauten haurrei eragindako kalte mentalez gain, azpiegituren erabateko suntsipenaren erdin bizi dira, eta horrek etorkizuna murriztu die, GKEak adierazi duenez.

Egun bakoitzeko 100 haur

«Behin betiko su-etenik gabeko egun bakoitzeko, batez beste 100 haur hil dira. Ezin da justifikaziorik egon umeak hiltzeko. Gazako egoera izugarria da gure gizateria arruntarentzat», deitoratu du Jason Lee Save The Children erakundeko zuzendariak Plaestinako Lurralde Okupatuetan.

«Ia 100 egunez, haurrak inolako zerikusirik ez duten gatazka baten prezioa ordaintzen aritu dira. Izututa daude, mutilatuta, desplazatuta», gaineratu du.

Save The Childrenek kritikatu egin du nazioarteak porrot egin duela gatazka geldiarazteko; izan ere Gazako haurrekin grinatu egin da, umeek egunero urraketa larriei aurre egin behar izan diete, eta laguntza humanitarioa emateko baldintzak, berriz, ez dira existitzen».

Hori dela eta, erakundeak behin betiko su-etena eskatu du «Gazako haurren bizitzak salbatzeko eta babesteko», eta Israelgo Gobernuari eskatu dio mugarik gabeko laguntza fluxua ahalbidetzeko eta produktu komertzialak Gazan sartzen hasteko, haurrak gosez eta gaixotasunez hil ez daitezen.

Azaroan, hildako haurren kopurua 4.000 ingurukoa zenean, 2019az geroztik urtero munduko gatazka guztietan hildako adingabeen kopururik altuena zela salatu zuen Save The Childrenek.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Gazako Zerrenda «haurren hilerri» deitu zuen, hildako adingabeen kopuruagatik.