Jagoba Arrasatek, ETB-ri, euskaraz: «Ez dut ulertzen erdaraz erantzun behar izatea zuri»
Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea da, Osasuna zuzentzen du. Baina horretaz gain euskal hizkuntzaren defendatzaile sutsua ere bada. Oraingoan, Saudi Arabian eta ETB-ko galdera bati erantzunez defendatu du euskara normaltasunez erabiltzeko behar hori.
Osasuna eta euskara normaltasunez lotzea ere lortu du Jagoba Arrasatek Iruñean daramatzan bost urte eta erdian. Berriatuakoak behin baino gehiagotan adierazi du publikoki euskal hizkuntza erabili eta normalizatzeko beharra. Azken adibidea, bart, Saudi Arabian espainiar Superkopako finalerdia Barçaren aurka galdu ostean.
ETB-ko kazetariak galdera gazteleraz egin ondoren, Arrasatek euskaraz erantzun zion: «Beno, euskaraz erantzungo dizut, ze ez dut ulertzen hemen hainbeste medio kanpotar egonda ba erdaraz erantzun behar izatea zuri».
@ganugan.rem galderari Euskaraz erantzuten dio Jagoba Arrasatek...
— Eñaut Landa ↗️️↙️ Etxera! (@LandaJauna) January 11, 2024
"Euskaraz erantzungo dizut, ze ez dut ulertzen hainbeste medio kanpotarra egongo zergatik zuri erdaraz erantzun behar dizudan"
Oso ona Jagoba! #BarçaOsasuna @Osasuna_eus @Gol pic.twitter.com/qYI13PZAbG
Txaloak arrapaladan iritsi dira sare sozialetan entrenatzaile gorritxoarentzat, besteak beste, galdera egin dion Iosu Ganuza kazetari nafarra bera ere.
Arrazoi osoa du, ezin ezer esan itsasontzi gorriaren kapitainari
— Iosu Ganuza Garcia (@ganugan) January 11, 2024
Ganuzak berak NAIZ-i argitu dionez, TV3 hedabide katalanarekin elkar laguntzen aritu dira Riad-en, eta haiek eskatuta egin zuen galdera gazteleraz. Gainera, Osasunaren prentsaurrekoak bitan banatzen dira, lehenbizi gazteleraz eta gero euskaraz, eta gaztelerazko zatian eman zioten hitza.
Izan ere, arestian aipatu moduan, ez da lehen aldia Arrasatek publikoki defendatzen duela euskararen erabilera. GAUR 8-n egindako elkarrizketa honetan, futbol munduak eta hedabideek euskararekiko duten ardura nabarmendu zuen: «Oraindik badugu hobetzeko, batez ere hedabideekin egiten dugun lanean. Adibidez, Oierrekin, elkarrizketa euskaraz egin beharrean, ETB2rako galdera berdina gazteleraz egiten diote. Umeek Oier ikusten badute ETB2n gazteleraz, pentsatuko dute erdalduna dela eta euskalduna da. Hedabideek erantzukizuna dute. Muga batzuk daude ez digutenak uzten euskaldunoi euskaraz egiten. Pena ematen dit ume bat Oierrengana gerturatzea eta gazteleraz egitea edo Aritz Adurizi edo, bere garaian, Xabi Prietori elkarrizketak erdaraz egitea».
Oihartzuna izan dute ere ospakizunetan bota dituen bertsoak. Eta jarrera aktibo honek balio izan zion duela bi hilabete Iruñerriko Komunikabideak Fundazioak sortutako ‘Bostekoa Saria’ jasotzeko «futboleko ikur izanda, euskaraz normaltasunez jarduteagatik; hots, euskarari ospe, bultzada eta ikusgarritasuna emateagatik».