INFO

Oldarraldi judizial «erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa» salatu dute Donostian

Donostiako Udaleko udaltzaingoaren lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzearen aurkako azken sententzia salatzeko elkarretaratzean izan da ostiral honen arratsaldean Alderdi Ederren. Kasuan kasuko ebazpenetik haragoko doan «oldarraldi judizial» bat dagoela salatu dute.

Elkarretaratzea Donostiako Alderdi Ederren. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak deituta, ehunka donostiar atera dira gaur arratsaldean kalera Udaleko udaltzaingoaren lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzearen aurkako azken sententzia salatzeko. Elkarretaratzearekin bat egin dute Udaleko gehiengo politikoak (EAJk eta EH Bilduk) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS).

«Udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla» kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak «zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu» ditzakeela ohartarazi dute.

Baina Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu den azken sententziak kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dagoela argi uzten duela ohartarazi du Kontseiluak. Aurrekoetan salatu duen bezala, «oldarraldi judizial» baten aurrean gaudela azpimarratu du, «euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa».

«Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita», gehitu du.

Botere judizialetik hizkuntza-politika egiten jarraitzen dutela salatu dute, «euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka». Izan ere, epai hauek guztiak euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari direla uste du Kontseiluak.

«Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Eta Herritarren hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubide zibilak, bermatzeko modu bakarra administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da», azaldu du.

Honen aurrean, euskara elkarteek «ezinbestekotzat» jo dute mobilizazio soziala. Beste urrats bat emateko beharra dagoela baieztatu dute, «euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko». «Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan», azaldu dute.