«Ongi etorri»-en auziaren baitan sei pertsona auziperatzeko eskatu du ANko Fiskaltzak
Antton Lopez Ruiz, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana San Vicente eta Oihana Garmendia auziperatzeko eskatu du Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak, 2016 eta 2019arteko «ongi etorri»-ekin ETAren biktimak «umiliatzea» egotzita.
2016 eta 2019 artean eginiko 95 «ongi etorri»-rekin ETAren biktimak «umiliatzea» leporatuta, sei pertsona auziperatzeko eskatu du Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak: Antton Lopez Ruiz ‘Kubati’, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana San Vicente eta Oihana Garmendia.
Fiskaltzak ohar bidez azaldu duenez, Manuel Garcia Castellon epaileari eskatu dio auzia prozedura laburtura pasatzeko urratsa egin dezala (auziperatzearen baliokidea). Afera honen baitan hamabost pertsona inguru ikertu zituzten, eta orain haietako sei auziperatzeko eskaera egin du Fiskaltzak.
Auzi honen baitako atxiloketak 2020ko urtarrilean izan ziren, Guardia Zibilak Lopez Ruiz, San Vicente, Garmendia eta Altuna atxilotu zituenean, eta 2021eko uztailean, Saez de Egilaz eta San Epifanio atxilotu zituenean. Bi kasuetan, atxilotuak aske geratu ziren Guardia Zibilaren Intxaurrondo eta La Salveko kuartelera eraman eta ordu gutxira.
Orduan Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi zuen «Kabat» izeneko operazioa Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegi Zentralak agindu zuela. Atxilotuei «ia ehun —95— ETAko kideri eta haien laguntza-sareari omenaldiak» antolatzea leporatzen zieten, 2016ko abendutik 2019ko urrira bitartean, eta «terrorismoaren biktimak goratzea, umiliatzea eta gutxiestea» egozten zien.