INFO
Interview
Mikel Vesga
Athletic Clubeko jokalaria

«Iaz baino helduagoa da taldea eta partidak hobeto jokatzen ikasi dugu»

Erdilari gasteiztarrak 30 urte ditu, ohiko jokalaria da Valverderen hamaikakoetan zelai erdian eta 2027rarte berritu du kontratua Athleticekin. Aitortzen du kosta egin zaiola lekua egitea goi mailan, baina taldeak bezala, lehiatzeko beharrezkoa den «heldutasun» puntua lortu duela nabarmentzen du.

Mikel Vesga, Athletic Clubeko jokalaria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ligako bigarren itzulia Athleticen eta Realaren arteko derbi batekin abiatuko da gaur arratsaldean San Mamesen (18.30). Yeray bilbotarren deialdian sartu da eta Andre Silva portugaldarra txuri-urdinekin egongo da. Mikel Vesgak azpimarratzen duenez, partida «berezia» izango da, txikitatik jokatu nahi izan duen norgehiagoka bat. Harmailetan giro polita sortzen dela dio, eta zelaian tentsioa nagusi dela.

Zuri-gorriak «irabazteko gogotsu» daudela ziurtatzen du, nahiz eta jakin txuri-urdinak oso aurkari lehiakorrak direla. Partida «zaila» eta berdintasun handia espero du. Erdilari gasteiztarraren iritziz, aurtengo Athletic iaz baino talde «helduagoa» da eta lasaiago jokatzen ari da areatan. Halaber, bere kirol ibilbideko une goxoenetako bat bizitzen ari dela onartzen du.

Reala Athleticen aurretik egon da azken urteetan, eta hor dago 2021eko Kopako finala. Errebantxa gogoa daukazue aldagelan?

Ez, pike hori urtero dago. Ahaztuta daukagu Kopako final hura, gu orainaldian pentsatzen ari gara eta hiru puntuek daukaten garrantzian. Garaipena lortzen badugu, bederatzi puntutara uzten ditugu, eta sailkapenean gure atzetik jarraika dagoen taldea da.

Zer iruditu zaizkizu Imanolek egindako adierazpenak garai bateko liskarrak faltan botatzen zituela esanez?

Pixka bat harritu nau. Are gehiago, aurrekoan Kubok ostikadak ematen zizkiotela salatu zuela jakinik. Ez dut polemikarik nahi, guk ez baitugu horrelakoetan pentsatzen. Derbietan beti egoten da beste partida batzuetan baino tentsio gehiago. Jendea gogor joaten da, baina zintzotasunez, jakinda zelai kanpoan lagunak garela.

Athletic bolada bikainean dago eta erritmo bizian jokatzen saiatzen da. Realak erakutsi du lehiakorra dela eta jokoa gelditzeko falta gehien egiten duen taldeetako bat da.

Realaren jokatzeko modua da, eta asko ematen die. Aurkariaren jokoa gelditzea talde guztientzat garrantzitsua da. Guk ere horretan hobetu behar dugu. Azken partidetan gai izan gara San Mamesen joko horri aurre egiteko. Barneratuta daukagu partida oso zaila izango dela. Sailkapena begiratuta, badirudi gu une hobean gaudela, baina partida hauek bereziak dira, ezberdinak. Beste modu batean jokatzen da, eta berdintasun handia espero dut.

Azken 40 urteetako lehen itzulirik onena egin ostean, konfiantza handiarekin helduko zarete, behintzat.

Ez nuen espero lehen itzulia 38 punturekin amaitzea. Baina ez nau hainbeste harritu, taldea dinamika onean baitzegoen iaz, eta aurten hori baieztatzen ari gara. Sentsazioak onak dira, eta motibatuta gaude goian mantentzeko.

Zer esango zenuke aldatu dela joan den denboralditik?

Uste dut iaz abiatutako joko eredua garatzen joan garela, denboraldi hasieran jokalariek pauso bat aurrera eman behar genuela nabaritu genuen eta taldeak ondo erantzun du. Iñigo Ruiz de Galarreta etortzeak asko lagundu digu, baita Williams anaiak, Sancet eta Guruzeta erasoan hainbeste hazteak ere. Atzean ere ondo gabiltza, taldea helduagoa da eta partidak hobeto jokatzen ikasi dugu.

Joan den urtean ondo hasi zineten, baina gaizki amaitu zen. Ba al dago gertatutakoa azaltzeko modurik?

Zaila da. Urte osoan egon ginen sailkapenaren goialdean, baina azken hilabetean dena pikutara joan zitzaigun. Ez zen erraza izan onartzea. Ez dut uste egoera fisikoarekin zerikusia izan zuenik gainbeherak. Nire ustez, etxean hainbat partida galdu genituen jarraian, Betis, Sevilla edo Elxen kontra, eta horrek min asko egin zigun. Bederatzi puntu horiek galtzea izan zen arazoa, eta buruan eragin zigun.

Ate aurrean asko hobetu du taldeak, eta hainbat jokalarik egin dituzue golak.

Bai, golak egiteko ahalik eta aukera kopuru handiena sortu behar da. Uste dut aurten kalitatezko jokaldi gehiago egiten ari garela. Azken metroetara heltzen gara, eta lasaitasun puntu bat daukagu area barruan. Arrazoietako bat da gero eta jokalari helduagoak garela, eta horrek asko laguntzen du. Gainera, fisikoki ondo sentitzen gara, eta denok nahi dugu gure ekarpena egin. Geldikako jokaldietan ere lanean ari gara iazkoa hobetzeko, ez da zaila izango -barre egiten du-. Beti hitz egiten da aurrelariez, golak egiteko garaian, baina erantzukizuna guztiona da, eta denok saiatu beharra daukagu.

«Marcelinoren bigarren denboraldian buruak klik bat egin zidan. Akatsei eta presioari buelta gutxiago ematen hasi nintzen, eta geroztik maila onena eman dut»

Guruzeta erdiko aurrelari gisa ematen ari den maila nabarmentzekoa da.

Aurrerapauso itzela eman du. Daramatzan zortzi golez gain, asko ematen dio taldeari. Bai jokoan, bai defentsa lanetan lan itsusia eginez. Eta batez ere, golegilea da, arean ondo mugitzen da. Espero dugu horrela jarraitzea bere golek asko ematen digute-eta.

Defentsan, berriz, zalantza asko zeunden Iñigo Martinez joan eta Yeray lesionatu ostean.

Iñigo Martinez ordezkatzea ez da erraza guretzat, bere maila oso altua izan baita. Hala ere, guk egunero ikusten ditugu Vivian eta Paredes entrenatzen, eta bagenekien zer egin zezaketen. Bikain aritu dira partidetan. Eta hori egiten dugun jokoak zailtasunetan jartzen dituelarik erdiko atzelariak. Oso zuhur egon behar dira eta adi korrika egiteko, azken lerroa zelai erdian jartzen baitugu. Oso ondo ulertu dute Valverderen ideia, eta gero eta hobeto gaude arlo horretan.

Lehen aipatu duzu Iñigo Ruiz de Galarretaren fitxaketa. Zer eman dio taldeari?

Daukan gauzarik hoberena da beti nahi duela baloia eduki, eta ez diola hanketan erretzen. Asko eman digu. Ez dauka beldurrik baloia edozein unetan hartzeko eta mugitzeko. Gainera, defentsan gogor joaten da eta bikain egokitu da gure jokatzeko modura. Ez baita erraza presioa hain goian egitea, batez ere fisikoki. Bere moduko jokalari bat alboan izateak lasaitasuna ematen dizu, eta askatasun gehiago ere bai. Batez ere, bigarren lerrotik areara heltzerako orduan, erasoan gehiago parte hartzeko.

Nabarmentzekoa da zeu eta bera lesionaturik egon zaretenean ere aulkitik atera direnek -Prados, Herrera edo Unai Gomez- ondo egin dutela.

Laugarren postuan 38 punturekin egotea ez da kasualitatea. Ezinezkoa da pentsatzea hamaika jokalarirekin bakarrik hori lortu daitekeenik. Oso albiste ona da, edozeinek jokatuta ere, taldeak ez duela nabaritzen eta ondo egiten dutela. Kasu askotan hobetu ere bai. Helburua hori mantentzea izango da.

Valverdek zure aldeko apustua egin du bere hirugarren etapa hau abiatu zuenetik, eta klubak ere konfiantza erakutsi dizu kontratu berritzearekin.

Egia da, hasieratik konfiantza eman zidan eta horrela jarraitzen du. Aurretik ezagutzen ninduen eta bazekien zer eman niezaiokeen taldeari. Erregulartasuna lortzen ari naiz eta igartzen dut arduradunek ere konfiantza dutela nigan. 30 urterekin hiru urterako berritzeak hori erakusten du. Ni fisikoki ondo sentitzen naiz, eta ez dut lesio larririk izan nire ibilbidean. Uste dut horrek ere kluba hori egitera bultzatu duela.

Zuretzat unerik goxoena dela goi mailan esango zenuke?

Agian bai, azken bi urte hauek onenak edo onenetarikoak izan dira errendimendu aldetik, eta baita erregulartasun aldetik ere. Nik nabaritzen dut gehien gozatzen ari naizen unea dela, ziur nago. Jokalari bakoitzak denbora edo une ezberdinak bizitzen ditu bere ibilbidean. Atzera begiratzen badut, ez naiz damutzen, eta ez dut uste denbora galdu dudanik. Egokitzea kostatu zait, asko sufritu dut, eliteko futbola ez baita erraza. Nire izateko moduarengatik asko kostatu zait aurrerapausoa ematea, batez ere buru aldetik. 28-29 urterekin lortu dut, eta inoiz ez da berandu.

Zalantzak zenituen zure mailaren inguruan.

Ez, gehiago edo gutxiago, beti jokatu izan dut zeozer Lehen Mailan. Horrek erakusten du dohainak banituela goi mailan egoteko. Hala ere, ez da erraza San Mamesera ateratzea ondo jokatu beharraren presio horrekin. Gero etxera zoaz, eta gauzak ez direnean ondo ateratzen kudeatzen jakin behar da. Ez da erraza, ardura hori izatea niretzat zama moduko bat izan zen. Alde batera utzi dudan arte, ezin izan dut maila hau eman.

Buelta gehiegi ematen zenizkion buruari akatsen bat eginez gero?

Bai, beti ematen dizkiozu buruari bueltak. Burura etortzen zaizu zer esango duten zutaz, eta zure ondoan daudenak ondo egotea nahi duzu. Horrek batzuetan zama bat gehitzen die hankei, eta ez du laguntzen zure maila onena emateko. Agian, orain gutxiago pentsatzen dut. Onartzen dut futbola horrelakoa dela eta hurrengo jokaldira joan behar naizela, ezin bainaiz aurrekoari bueltak ematen gelditu.

Kontatzen duzunak harritu egiten du, kontuan izan da penaltiak botatzeko arduraduna zarela horrek daukan erantzunkizunarekin?

28 urterekin, Marcelinoren bigarren denboraldian, buruak klik bat bezala egin zidan. Batez ere, Kopan Madrilen eta Bartzelonaren kontra jokatutako partidetan. Gutxiago pentsatzen eta buelta gutxiago ematen hasi nintzen. Horrek ere lagundu dit penaltiak botatzeko aukeratua izaten. Ez du esan nahi lasai nagoenik, presioa egon badago, baina aurre egin diezaioket.

Azkenik, arabarra zara, gasteiztarra, eta Alavesen harrobitik igarotakoa. Nola biziko duzu Kopako kanporaketa?

Oso partida polita da niretzat. Lagunak etorriko dira eta familia ere bai. Alaves eta beste euskal taldeak Lehen Mailan ikusteak asko pozten nau. Derbiak beti dira bereziak. Beraien helburu nagusia ligan mantentzea da, baina Kopako partida bat da San Mamesen, eta final laurdenetan sartu zaitezke. Partida gogorra eta lehiatua izango da, eta oso ondo egon beharko gara.

Helburu nagusia Europarako sailkatzea da Ligan, eta Kopan finalerdietararte iritsi zareten azken urteetan.

Sei urte daramatzagu Europan jokatu gabe eta hori da buruan daukaguna. Orain Txapeldunen Ligako postuetan gaude, eta ikusiko dugu denboraldi amaieran noraino heldu gaitezkeen. Kopa, berriz, badakigu zaleen artean giro berezia sortzen duen txapelketa bat dela, eta bukaeraraino iristea da gure ilusioa. Irabazten saiatuko gara, baina zozketak asko baldintzatzen du.