Sailkapenaren ertzak are gehiago urrundu dira txapelketa Iruñea eta Markina-Xemeindik pasata
Labriten Artolak Laso-Arangurenek izan ez duten paxada bat erakutsi du eta alegiarra eta Imaz sendo bat 22-14 gailendu dira eta Unian Peña-Eskiroz 5-12 aurreratu badira ere, Jaka-Mariezkurrenak zortzigarren puntua batu dute.
Puntu guztiek berdin balio duten arren, txapelketak aurrera egin heinean partidak garrantzia hartzen joan ohi dira eta sailkapenaren puntan diren Jaka-Mariezkurrena eta azkenak diren Laso-Arangurenen artean, sei puntutako zuloa ireki da gaur lehenek Markinan kostata (22-19) irabazi eta bigarrenek Iruñean galdutako partiden ostean. Artola-Imaz, euren aldetik, ikaragarri indarberrituta irten dira Labritetik orain gutxi sei partidetan bi puntutakoa zuten altxor eskasa bost puntutakoa bihurtuta azken hiru partidak jarraian irabazita. Bonboneran gainera, azkenerako uste baino errazago gailendu dituzte (22-14) atzera pausua eman duten Laso-Aranguren. Hauen kontsolamendu bakarra, Unian ezustekoa emateko zorian izan diren Peña-Albisu puntu bakarrera dituztela eta hurrengo astean euren aurka jokatuko dutela.
Labriten partida oso azkarra izan da hasieran, hainbeste, bi atzelariek baleko pilotakadarik jo gabe, Laso-Aranguren 3-0 aurreratu diren Bizkarreta-Gerendiaingoak sakean eta sake-errematean asko asmatuta. Behin jokoan sartuta, Aginagako atzelaria ere indartsu hasi da, pilota ondo gozatuz eta lehiako lehen aldeak eurenak izan dira (2-6 eta 5-8).
Artola-Imaz, ordea, ez dira larritu eta berera jarraitu dute, markagailuan atzetik joan arren, jokoan aurkariak baino gutxiago ez zirela ikusita, euren aukeren zain. Eta aurrelari alegiarrak ez du askorik behar izan bera ere errematean konfiantza handiarekin dabilela erakusteko. Eskuinez fresko eta zuloak irekitzeko gai, baina ezkerrez ere definitzeko gaitasun eta patxadarekin.
Pilota dezente egon arren atzelariak elkar hausteko gai izan ez diren partida batean, hortxe egon da partidako giltzarik nagusietako bat, alegiarrak tantoa landu eta amaitzeko izandako pazientzian, Lasok dena azkarregi egin nahi izan duen bitartean. Muturrean aritzea ondo joan zaio Bizkarreta-Gerendiaingoari partida hasieran, baina lehia gogortzen joan den heinean eta, batez ere eurek aukeratua izan arren oso gaizki etorri zaien pilota bat jokoan jarri dutenetik, Iñaki Artola nagusitu da kantxan. Txintxarriak botera eta sotamanoz tantoak lantzeko gaitasuna izan du errematean ere zorrotz, 15-4eko partzial batekin lehia erabat bere aldera eraman du, Imazen laguntza sendoarekin.
Sailkapenean askoz behartuagoak, Laso-Arangurenek ez dute erantzuteko gaitasunik erakutsi eta euren bolada txarra luzatu zaie.
FITXA TEKNIKOA:
Artola-Imaz: 22
Laso-Aranguren: 14
Pilotakadak: 405. Iraupena: 61,56 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-6, 3-6, 3-7, 5-7, 5-8, 8-8, 8-9, 12-9, 12-11, 17-11, 17-12, 20-12, 20-14, 22-14. Sakeak: 2 Artolak eta 2 Lasok. Egindakoak: 11 Artolak, 1 Imazek, 6 Lasok eta 2 Arangurenek. Galdutakoak: 2 Artolak, 2 Imazek, 3 Lasok eta 5 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta Iruñeko Labriten eta giro polita harmailetan. Lehen sakea urdin.
Liderren berotua Markinan
Espero eta nahi baino gehiago sufirtuta, Jaka-Mariezkurrenak esku-eskura dute finalerdietara sailkatzeko aukera, Peña-Eskirozen aurka 12-5eko kontrako emaitza bati buelta eman ostean. Albisuren ordez aritu den Ezkabarte-Makirriaingo atzelariak itxura oso ona eman du txapelketako jotzailerik handienetako baten aurrean, baina azkenerako amore eman behar izan dute.
Hala ere, partidako lehen erdi horretako protagonista nagusia Jon Ander Peña izan da. Arriskuak hartuz, baina asko asmatuz, tolosarra partidaren erritmoa ezartzeko gai izan da, liderrak deseroso sentiarazi eta huts dezente egitera behartuz. Horrela lortu dute erabakigarria izan zitekeela zirudien zazpi puntutako aldea, baina lehen atsedenalditik bueltan gauzak dezente aldatu dira. Berriozarko atzelaria pixkanaka atzean nagusitzen hasi da, Erik Jaka ere errematean oso zehatz aritu da eta oso zaila zuten egoera bati buelta emateko moduan izan dira, aurkariak egoera zail batean utziz.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Mariezkurrena: 22
Peña-Eskiroz: 19
Pilotakadak: 679. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-5, 3-5, 3-9, 5-9, 5-12, 8-12, 8-13, 9-13, 9-14, 13-14, 13-15, 16-15, 16-16, 20-16, 20-17, 21-17, 21-19, 22-19. Sakeak: 0 Jakak eta 2 Peñak. Egindakoak: 11 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 10 Peñak eta 1 Eskirozek. Galdutakoak: 5 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 4 Peñak eta 4 Eskirozek. Gorabeherak: Sarrera bikaina Markina-Xemeingo Unian.