INFO

Euren onena atera behar izan dute Etxeberria eta Zabaletak Altuna-Martija gainetik kentzeko

Ultzamarrak erasoan oldarkor eta zorrotz eta atzelariak eskuinarekin agintzaile aritu behar izan dute partida gogorrean 2022ko txapeldunak bigarren posturako lehiatik at uzteko (19-22).

Txapelketako bere partidarik osoena jokatu du Peio Etxeberriak gaur Gasteizen. (Raul BOGAO/FOKU)

Barruan duten ahal guztia zukutu behar izan dute Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak gaur Gasteizen Jokin Altuna eta Martijari gailendu (19-22) eta bide batez, 2022ko txapeldunak bigarren posturako lehiatik ia betirako aldentzeko. Orain arte sei partida irabaziak bazituzten ere, Ogetakoa izan da, ziurrenik, nafarren partidarik osoena, bikote bezala gehien batu dutena eta aurrelariaren oldarkortasuna eta atzelariaren joa bateragarriak ez ezik, elkar elikatzaileak direla frogatu diete euren buruari.

Ohi bezala, partida serioa jokatu dute Altunak eta Martijak, bien artean lau pilota baino ez dituzte oparitu eta horietako bat pilota bote egiterakoan erabat geratu delako izan da –ur filtrazioak ekiditeko lan batzuk egin behar izan dituzte asteon Ogetan eta paretak eta lurrak bat egiten duten gune hori ez da behar bezala egon gaurkoan eta Zabaletari ere bi pilota geratu zaizkio–, baina sendotasun hori ez da nahikoa izan parean zuten ahalaren aurka, nahiz eta garaipena ez duten urrun izan.

Kontua da, partidaren zatirik handienean Peio Etxeberria eta Zabaletaren mende izan direla eta horrek faktura fisiko handia pasa die asko gogortu den lehian. Gora-behera handiko partida izan da itxura bikaina erakutsi duen Ogetakoa, hein handi batean urdinen araberakoa.

Zabaleta agintzen hasi

Gasteizkoa kantxarik gustukoena duen arren, Jose Javier Zabaletak ez du atzean espero zena agindu, baina nafarrek alde handi xamarrak eskuratu dituzte, astean zehar sukarrak jota egon arren, Peio Etxeberriak protagonismo guztia beretzat hartuta. Ausart eta zorrotz aritu da ultzamarra hasiera horretan eta urdinak 3-8 aurreratu dira.

Baina beste ezeren gainetik, bikote lehiakorra eta gogorra izateak bereizten ditu 2022ko txapeldunak eta partidari eusten asmatu dute, Altunak bere magiaren ale batzuk atera eta Martijak, Zabaletari eusteaz gain, tarteka bizkarra erakutsiz, pilota luzatuz ez bada, ezker hormara arrimatuta, partida zortzina berdinduta. Etxeberriaren zirkuitulabur batek ere lagundu die horretan.

Partida oso bestelako dinamika batean sartu da hortik aurrera, tantoak asko luzatuz eta jokoan bezala, markagailuan ere, oreka askoz handiagoarekin. Hori bai, behetik gora nabarmen eginda, pixkanaka Jose Jaier Zabaleta partidaren aginteaz jabetzen joan da, eskuina luzatu eta gorrien artean higadura lan izugarri bat eginez. Pilotakada latzak jo ditu etxarrendarrak, hamalaunako berdinketako errebotea kasu, eta 2022ko txapeldunak gehienbat defentsa lanetan aritzera behartu ditu.

Soka luzeko bikotea amezketarra eta Etxeberrikoa, hala lortu dute lau tantotako desabantaila altxatzea (14-19), baina Peio Etxeberriak berriz ere errematean asmatu duenean garaipena ezinezkoa egin zaie eta, bide batez, bigarren postuari agur esan diote.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 19

Peio Etxeberria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 721. Iraupena: 86,04 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-5, 2-5, 2-7, 3-7, 3-8, 8-8, 8-10, 12-10, 12-13, 14-13, 14-16, 15-16, 15-19, 19-19, 19-22. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 4 Altuna III.ak, 2 Martijak, 11 Peio Etxeberriak eta 6 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 2 Martijak, 6 Peio Etxeberriak eta 6 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, 1500 lagun inguru Ogetan.