INFO

Mugimendu abertzalearen birfundazioa eta arnas luzeko erronkak mintzagai, Kanbon

Bi Aberri Egunen artean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea eguneratzeko martxan emandako dinamikaren baitan, birfundazioaren gakoak eta ondoko hamarkadarako bide-orria aztertzeko parada izanen da mugimendu abertzalearen jardunaldietan, hilaren 27an, Kanbon.

Transmisio historikoari eskainitako fasea markatu zuen ekitaldi nagusia joan zen otsailaren 4an egin zuen Bagirak, Itsasun. (Patxi BELTZAIZ)

2023 eta 2024ko Aberri Egunen artean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea eguneratzeko dinamika abian eman zuen Bagira mugimenduak orain mugarri berria ezarri du.

Hala, eremu politiko horren birfundazioaren gakoak eta ondoko hamarkadarako bide-orria aztertzeko parada izanen dute Kanbon antolaturiko jardunaldietara bertaratuko diren herritarrek. Hitzordua urtarrilaren 27an, larunbatean, ezarri du Bagirak, Xalbador kolegioan.

Topaketa goiz eta arratsaldez iraganen da. Dagoeneko bertan parte hartu nahi duten lagunek izena eman dezakete helbide hau baliaturik.

Goizeko 9.00etan hasiko da eguna. Egoera lokal zein globala, abertzaletasunaren oinarriak, estrategiak eta praktikak, etapa instituzional berri baterako perspektibak… horiek eta beste gaien inguruan talde txikitan antolatuko dira solasadiak.

Arratsaldean, berriz, «heldu den hamarkadan lorgarriak diren helburuak» zehazteko xedez hainbat tailerretan parte hartzeko aukera eskainiko zaie parte-hartzaileei ondoko gai hauen inguruan eztabaidatu ahal izateko: euskara, etxebizitza, klima, soziala, laborantza herrikoia, gazteria edo feminismoa.

Lanak bateratzeko ariketa batekin emanen zaio bukaera egunari 17.00ak aldera.

Dinamikaren ibilbidea

Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga ospatu zen 2023. urtearen atarian, jatorri ezberdinetako hamaika ordezkarik Bagira prozesua aurkeztu zuten 2022ko abenduaren 14an, Bidarrain,

Bagira dinamikaren sustatzaileek «hiru sekuentzia eta bi inflexio puntu» zehaztu zituzten.

Hala, 2023ko otsail eta martxo artean transmisio historikoari egokitutako fasea garatu zuten.

Ehunka lagun bertaratu ziren Euskal Herria biziarazteko hamarkadaz hamarkada garaturiko borroken izaera baina batez ere segidaren gainean mintzatzeko.

Inflexio puntu garrantzitsua apirilaren 8an eta 9an heldu zen Itsasun ospatu zen Aberri Egunaren harira.

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen ekimen fundatzailea izan zen urtemuga markatzeko bi eguneko programa antolatu zuen Bagirak.

«Zapalkuntza nazionalari aurre egiteko» sortu zela Aberri Eguna agirian jarri zuten apirilaren 8an Itsasuko Sanoki gelan bildutako solaskideek.

Biharamunean, betiere Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen suspertzea ekarri zuen adierazpena gogoan, «Euskal Herriaren burujabetza osoa» aldarrikatu zuten Itsasuko Agiriaren aldeko oroigarrian amaitu zen martxan parte hartu zuten 1.500 abertzaleek.

Handik aurrera, uda bitartean mugimendu abertzalearen diagnostikoa osatzeko kontsulta fasea ireki zuten Bagirako kideek. Iritzia emateko prozesu hori bultzatzeko tokian toki hainbat bilera antolatu zuen Bagirak.

Inkestaren emaitzak

Joan den azaroaren 3an, finean, Baionako Atalante zineman antolaturiko agerraldiaren bidez inkestak utzitako emaitzak plazaratu zituzten Bagirako kideek.

Lehenik eta behin, aipaturiko inkestan 1.500 lagunek parte hartu izana goraipatu zuten.

«Mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko», adierazi zuen, aurkezpen horretan, Bagiraren gidaritza batzordeko kide den Txomin Povedak.

«Barne kohesio maila handia dago, baita balore historikoei atxikimendua ere». Horra hor maiatz eta uztail artean eginiko galdeketak utzitako irakaspen nagusia.

Inkestak, bestalde, oso bestelako domeinuetan heldu den hamarkadarako ezkerreko mugimendu abertzaleak marrazten dituen erronkak azalaratu zituela gaineratu zuten hainbat herritan emaitzen gainean mintzatu ahal izateko ekimenak egin zituzten Bagirako ordezkariek.

Hain zuzen ere, diagnostiko orokor eta partekatu horren gainean eraikiko dela «2024ko Aberri Egunean aurkeztuko den bide-orria», nabarmendu du Bagirak Kanbon urtarrilaren 27an antolaturiko jardunaldietara bertaratzeko deia egiteko plazaratu duen agirian.

Dinamikak oroitarazi duenez, Kanboko jardunaldi horren emaitzak «Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bide-orria elikatuko du».

Aurtengo Aberri Egunean aurkeztuko da bi urtez luzatu den prozesuaren emaitza.

Hitzordu birfundatzaile hori heldu den martxoaren 31n iraganen da Uztaritzen.

Bagira prozesuari bukaera emanen diote, geroari begira jarrita, Aberri Eguna kari antolaturiko «besta egitarau aldarrikatzaile, alaitsu eta herrikoiaren bidez».