INFO

Euskal Herria, Katalunia eta Eskoziaren independentziarako grina, ingelesez azterturik

Euskal Herria, Katalunia eta Eskoziako independentziaren aldeko mugimenduak aztertzen ditu Xabier Irujok editatu duen Renoko Unibertsitateko lanak. Ikuspegi akademikotik abiatutako lana da, eta ikuspegi anitzak jasotzen dituena, Irujok gaur Iruñean nabarmendu duenez.

Xabier Irujo eta Karmelo Landa, Renoko Unibertsitateak argitaraturiko liburua Iruñean aurkezten. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Renoko (Nevada) Unibertsitateko Center for Basque Studies delakoak ‘Pro-Independence movements in the Basque Country and Catalunya’ lana argitaratu berri du. Bi herri hauen errealitateaz gain Eskoziarena ere jasotzen du, tituluan agertzen ez bada ere. Hiru mugimendu independentista hauen zergatiak, existentzia, historia, oinarri historiko eta juridikoak eta arrazoibide kultural, politiko, ekonomiko eta sozialak jasotzen ditu, gaur Iruñean lanaren editore Xabier Irujok Karmelo Landa irakaslearekin batera egin duen aurkezpenean azaldu duenez.

Irujorekin batera Antoni Segura eta Queralts Sole aritu dira editore gisa. Liburuan Salvador Cardus, Xabier Ezeizabarrena, Teresa Abello, Igor Filibi, Alberto Spektorowski, Iñigo Bullain, Carles Santacana, Francisco Letamendia, Giovanni C. Cattini edo Daniel Roig bezalako adituen lanak jasotzen dira. Irujok nabarmendu duenez, talde anitza da bai ideologikoki bai bakoitzak izan duen ibilbideari dagokionean. Bartzelonan 2019an egin zen kongresu bat da lanaren abiapuntua.

«Gure helburua katedradunak eta politologoak biltzea izan da. Hau da, Euskal Herrian 1997tik 2006ra bitartean eta Katalunian 2006tik 2019ra bitartean, gutxi gorabehera, izandako gertaeretan lehen pertsonan parte hartu zuten pertsonak biltzea. Mugimendu horien tripetatik eta hainbat ikuspegitatik idatzitako liburu akademikoa dugu, ez nahitaez aldekoa, baina barrutik kontatutako istorioa da», azaldu du Irujok.

Gauzak horrela, hiru mugimenduen azterketa egiten da. «Mugimendu bakoitza bere erritmoan doa, bere estrategia eta idiosinkrasiaren arabera, baina batera, eta aurrera egiten ari diren une historikoan gara. Zentralismotik edo independentismotik ikerketa gutxi gorabehera frontalak egin dituzte; hau gaiaren azterketa akademikoa dugu», gaineratu du.

Gertuko gertaerak

Hiruretan galdutako estatu independentearen berreskuratzean oinarritzen da aldarrikapena. Irujok nabarmendu duenez, Euskal Herrian galera hau berantiarragoa izan zen eta horrek baditu ondorioak. Katalunian eta Eskozian independentzia XVIII. mendearen hasieran galtzen den bitartean, Hego Euskal Herrian XIX. mendea nahikoa aurreratuagoa zenean izan zela azpimarratu du. «Gure birraitonen garaiak dira», esan du. 1841a arte Nafarroan moneta propioa zegoen, adibidez, epaileak euskaraz aritzen ziren herritarren hizkuntza zelako, Gamazada arte inoiz ez zioten zergarik ordaindu Gaztelari...

Independentzia XXI. mendean aldarrikatzeak arrazoi ekonomikoak, sozialak, politikoak eta kulturalak dituela adierazi du Irujok. Kulturalen artean, euskararen biziraupena estatu propiorik gabe ziurtatzea ezinezkoa dela.

Karmelo Landarentzat, lan hau baliogarria da, «eragin handia izan dezakeelako» eta Euskal Herrian eta Katalunian une bereziak bizi direlako. Zentzu honetan, Estatuaren partetik independentziaren aldarrikapena iraganeko zerbait bezala azaltzen saiatzen badira ere aurkakoa lortzen ari dira bere ustez.

Gauzak horrela, liburuaren bi elementu nabarmendu ditu Landak. Alde batetik, ikuspuntua, ezarritako estatuen ikuspuntutik harago doalako. Bestetik, momentua, Katalunian eta Euskal Herrian gauzak gertatzeko unea delako.