Getariako Txakolinak 3,5 milioi botila merkaturatuko ditu aurten
Iaz baino %20 botila gutxiago merkaturatuko ditu aurten Getariako Txakolina Jatorrizko Deiturak, 3.500.000 botila guztira. 2,7 milioi litro ekoitzi dira, eta %90 txakolin zurikoak izan dira. Uzta berriaren aurkezpenean June Yamaguchi Donostian bizi den japoniarrari eman diote Mahasti Jaun saria.
Getariako Txakolina Jatorrizko Deiturak %20ko jaitsierarekin itxi du joan den denboraldia, hau da, 2023ko uztatik 3.500.000 botila merkaturatuko dira, «azidotasun eta afrutatze maila orekatuko» salda da uzta horretatik ateratakoa.
Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren arduradunek zabaldu dituzte datu horiek, asteazken honetan uzta berria aurkeztu baitute. Bertan, Gipuzkoako 34 upategi daude inskribatuta, gehienak Getariakoak eta Zarautzekoak.
Guztira, 2.700.000 litro ekoitzi dira, 2022an baino %20 gutxiago. Beraz, 3.500.000 botila inguru merkaturatuko dira, eta horietatik %90 txakolin zurikoak izango dira, eta %10, berriz, arrosak. Izan ere, beltzaren barietateak «anekdotikoa» izaten jarraitzen du, eta %0,5era baino ez da iristen.
2023a «hezeagoa» izan dela ohartarazi dute, eta mahastizainek gertuagotik zaindu behar izan dutela mahastia meteorologiaren eraginez. Salmentei dagokienez, 2023an eta 2022an maila ia berdinetan mantendu dira; beraz, hileko zigiluen entrega ere ez da aldatu.
Kanpo salmenten %50 AEBra
Esportazioei dagokienez, Ameriketako Estatu Batuak dira oraindik ere kanpoko salmenten %50 bideratzen zaien herrialdeak.
Getariako txakolina botila bakoitzaren kapsularen gainean jartzen den zigilu zenbakidunaren bidez identifikatzen da, baita inskribatutako upeltegi elaboratzaile bakoitzaren etiketaren bidez ere.
Uzta berriaren aurkezpenean, Jatorrizko Deiturak Mahasti Jaun saria eman dio June Yamaguchiri, Donostian bizi den eta euskal kulturaren zale amorratua den japoniarrari, Getariako txakolina zabaltzearen alde egindako lana aitortzeko.