INFO

Otegi: «Gordina da hau baina egia da: borroka armatua ez desagertzeko atxilotu gintuzten»

Azkenean amaitu den «Bateragune auzia» delakoa «lawfare» kasu garbia dela salatu dute bost auzipetuek. Orduan ondorioztatu zuten eta orain berretsi dute: «Gordina bada ere, egia da: borroka armatua ekuazio politikotik ez ateratzeko atxilotu gintuzten –esan du Arnaldo Otegik–. Eta porrot egin dute».

Diez, Rodriguez, Zabaleta eta Otegi, agerraldiaren ostean. (Jon Urbe | Foku)

Guztira 31 urte espetxean pasa zituzten «Bateragune auzi»ko bost auzipetuek balorazio «gordina» egin dute ostegun honetan, Espainiako Entzutegi Konstituzionalak auzia betirako itxi ostean, berriz epaitzeko aukera betiko baztertuz. Arnaldo Otegik hartu du hitza, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez ondoan zituela (Sonia Jacinto ezin izan da bertaratu). Eta honako hau nabarmendu du: «Zertarako egin zuten hau? Ezker abertzaleak estrategia ez aldatzeko, Euskal Herrian eszenatoki berri bat ez sortzeko, eta borroka armatua ekuazio politikotik ez ateratzeko atxilotu gintuzten. Horretan ari ginenok bidetik atera nahi izan gintuzten».

Uste hori bere garaian adierazi zuten eta, 15 urte pasata, berrestsi egiten dute ezker abertzaleko ordezkari hauek. Bigarren helburu bat ere ikusten dute operazio honen atzean: «Ezker independentistaren potentzialitatea neutralizatzea, betirako neutralizatzea». Batean zein bestean «porrot egin dutelako» pozik ageri dira Otegi eta bere lagunak.

Bateragune lawfare kasu garbia dela azpimarratu du Arnaldo Otegik, kontzeptu hori orain pil-pilean den arren aspaldi Euskal Herrian erabilia dela oroitaraziz: ilegalizazioak aipatu ditu, atxiloketak, torturak.. «Ilegaltasun osoz egindako estrategiak jarri dituzte martxan, eta guri hau tokatu zaigu», esan du Bateragune auziari buruz.

Ibilbide luze horretan «ezohiko»tzat hartu du asteazkeneko albistea, ezker independentismoari gutxitan ematen diotelako arrazoia espainiar auzitegietan. Hala ere, bi zehaztapen interesgarri egin ditu puntu honetan: batetik, Arkaitz Rodriguezek hamar urte pasa dituela preso, akusazio ezberdinak tarteko, eta beti errugabe atera dela azkenean; eta Otegi bera bi aldiz atera dela irabazle Estrasburgoko Auzitegian espainiar Estatuaren aurka, «ez baita Europa osoan antzeko kasurik izango».

Demokrazia eta elkarbizitza

Jada etorkizunari begira jarrita, Konstituzionalaren erabaki honen ostean bi ondorio atera nahi izan dituzte bidegabeki zigortutakoek. Lehen hausnarketa Pere Aragones Kataluniako president-aren hitz batzuetatik abiatu du: «Berak esan duenez, denetik egin du Estatuak, denetik. Eta, ez al da garaia behingoz lawfare kasu hauek alboratu eta arazo honi era demokratikoan heltzeko, herriei hitza emanez eta hori errespetatuz?».

Bigarrenik, elkarbizitza sustatzeko aukera aipatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Gogora ekarri du ezker independentismoak sufrimendu guztiak aitortuz agerraldia egin zuela 2021eko urriaren 18an, eta «Estatu biolentzia mantendu duten guztiei» gonbita luzatu die, beraiek ere «elkarbizitzari ekarpen estrategiko bat egin diezaioten, sufrikarioan ardura izan duten neurrian. Herri hobea sortuko dugu horrekin».

Eskerrak eman dizkie azkenik, «bihotz-bihotzez», urte luze hauetan elkartasuna eman dietenei. Bideoa hau zabaldu du EH Bilduk agerraldia amaitu ostean.

 

Estatuari kalte-ordainak eskatuko ote dizkioten izan da kazetarien partetik galdera bakarra, eta oraindik ez dutela horren inguruko hausnarketarik egin erantzun du Otegik.