INFO

Estatu espainolak hizkuntza gutxituen Eurogutuna ez duela betetzen salatu du euskalgintzak

Euskalgintzaren Kontseilua eta Behatokia Iruñean elkartu dira ostegun honetan Europako adituekin Estatu espainola Eurogutuna betetzen ari den ikertzeko. Baita Hego Euskal Herriko bi arartekoak ere. Euskara babesteko azken berrikuntzak zein adostutako irizpideak betetzen ari diren partekatu dute.

Europako adituekin bildu dira Hego Euskal Herriko bi arartekoak, Kontseilua eta Behatokia. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioaren 6.ebaluazioa egiteko Europako Kontseiluaren Aditu Batzordeko ordezkaritza Iruñean izan da. Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Hego Euskal Herriko bi arartekoak. Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Estatu espainolak Europako Eurogutuna bete gabe jarraitzen duela salatu dute.

Pasa den ekainean, Estatu espainolak gutunaren betetzearekiko azken urteetan eman dituen pausoak azaltzen dituen txostena igorri zuen Europako Kontseilura. Bertan, euskara, katalana eta galegoa nola tratatzen dituen azaldu zuen, eta Eurogutunaren baitako irizpideak nola betetzen dituen. Ostegun honetan Euskal Herrian izan dira Europako adituak azterketa horren balorazioa lehen eskutik jasotzeko, lau urterik behin argitaratzen duten beraien txostena egiteko.

Ekainean, Kontseiluak eta Behatokiak txosten bat argitaratu zuten Eurogutunean jasotzen diren konpromisoak betetzen ez direla adieraziz eta zenbait konponbide proposatuz.

Euskalgintzako eragileek administrazio publiko, hezkuntza, kultura, komunikabideak zein eremu sozioekonomikoa bezalako alorretan azken urteetan izan direz «ez betetzeak eta urraketak» azaldu dizkiete adituei; eta irailean helarazituako gomendio eta proposamenak aurkeztu dizkieta.

Justiziaren eremuan, irizpideen urraketak

Proposamen horiek helarazterakoan beste ohartarazpen bat ere egin zuen euskalgintzak: «Justiziaren eremuan Espainiar Estatuaren jarrera bere betebeharrekiko kontrakoa izaten jarraitzen du. Botere Judizialaren Lege Organikoak talka egiten du gutunaren 9. artikuluan ezarritakoarekin, hau da, prozedimendu penal eta zibilak euskaraz egin ahal izango direla bermatu behar dela aldetako batek hala eskatuaz gero». Eta irizpide hori ez dela betetzen salatu zuten.

Bestalde, Gutunean ezarritako helburuak betetzeko beharrezkoa ikusten dute euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea, eta hori ere mahaigaineratu dute gaurko bileran.

Oldarraldi judizialaren berri ere eman diete Kontseiluak eta Behatokiak adituei. Gutunaren konpromisoak sustatzeko zenbait neurri botere judizialek atzera bota izana salatu dute, eta erabaki judizial horiek Gutunaren 7.2 artikuluan jasotako printzipio garrantzitsu baten kontrakoak direla adierazi: «Eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzon egoera berezia kontutan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko».

Azkenik, balorazio guztiak bildu ostean Adituen Batzordeak bere txostena idatziko du, eta Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeari helarazi ondoren, Estatu espainoleko administrazioei gomendio edo proposamen ezberdinak helaraziko dizkiete.