INFO

Joan-etorriko zubien garrantzia erakutsi du Altzako etorkinen integrazioaren azterketak

1950 eta 1970eko hamarkadetan espainiar Estatutik Altzara heldu ziren pertsonen integrazio soziolinguistikoa ikertu du Soziolinguistika Klusterrak. Ikusi dutenez, hasieran bi mundu izan zirenen arteko hurbilketa alde sozialetik eta kulturaletik abiatu zen, lan arlotik baino gehiago.

Altza auzoaren ikuspegi bat, 2022 amaieran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Soziolinguistika Klusterrak bere ikerketan ondorioztatu du bizirauteko integrazio prozesua elkarrekin sortutako elkartasun sareei esker gauzatu zutela 1950 eta 1970eko urteetan Altzara etorritako etorkinek. Lan integrazioa eta eskolakoa arrakastatsuak izan ziren, nahiz eta ez zen erraza izan.

Integrazio fase horietan ez zuten apenas bertako euskal gizartearekin harreman zuzenik izan, ez bazen lan merkatuko eta administrazioko eliteek ezarritakoak. Harrera gizarteko egoera soziolinguistiko eta ekonomikoak ahalbidetu zuen lan integrazio horren arrakasta euskararik gabe eta euskaldunekin ia harremanik izan gabe garatzea.

Harrera gizarteko hizkuntza hegemonikoa menderatzen zuten etorkinek eta, esan bezala, bi fase horietan integratzeko ez zuten euskararen beharrik izan; euskararen ospea bazterrekoa zen eta horrek euskara ikusezin bihurtu zuen. Horrenbestez, lehen urteetan sorturiko harremanak oso azalekoak izan ziren, elkar apenas ukitzen zuten bi mundutan bizi ziren.

Galegoz hitz egiten zutenek, kasu batzuetan, euskararekiko enpatia erakutsi zuten euren hizkuntzarekiko jatorriko egoera minorizatuan sorturiko jazarpenek egoera hurbilago ezagutzeko aukera ematen zietelako.

Belen Uranga, Asier Basurto eta Paula Laita Soziolinguistika Klusterreko kideek Donostiako Udalaren babesarekin egindako ikerketaren emaitza batzuk dira horiek. 2022 eta 2023 urteen artean egindako azterketan jaso dutenez, immigrazioaren dimentsio demografiko handiak euskararen bizitasun etnolinguistikoan higadura handia eragin zuen urte gutxian, eta euskal komunitatearen ikuspegitik higadura horrek ahuldu egin zuen hizkuntza eta kultura komunitatea. Prozesu hori uholde modura bizi izan zuten euskal hiztunek, minetik eta ezintasunetik.

Euskararen aldeko mezuaren arrastoa

Integrazio sozialetik abiatu eta garatu zen etorkinen eta bertakoen arteko integraziorako harremana Altzan. Trantsizio delakoaren garaiko euskararen aldeko mugimendu sozialen eta ondorengo hizkuntza politikaren (1982tik aurrera) ondorioz, gizarte aldaketa giroak euskararen biziberritzean ere aktibazioa eragin zuen. Euskararen aldeko mezuak arrastoa utzi zuen etorkinen eta bertako biztanleengan.

Integrazio kulturalak, era berean, bertakotzean lagundu zuen. Jatorriarekiko eta harrera gizartearekiko harreman afektibo eta identitario oso desberdinak izan zituzten etorkinek eta euren ondorengoek. Eta horren arabera harreman kultural bereiziak antzeman dira etorkinen artean.

Integrazio horretan, euskararen balioak ere ez dira homogeneoak izan: euskarari balio instrumentala aitortu diote etorkinek euren seme-alabentzat, etorkizuneko gizartean aurrera egiteko giltza modura. Baina ez lehen belaunaldikoentzat, lan integrazioarekin nahikoa lan izan zutelakoan. Integrazio sozial arrakastatsua izan zuten baina ez horrenbeste euskarari dagokion integrazio soziolinguistikoa.

‘Bi munduen’ arteko hurbilketa

Euskararen balio integratzailea beranduago antzeman zuten etorkinek euskararen ospearen berreskuratzearekin batera eta bigarren belaunaldiarentzat soilik. Ikuspegi hori erabakigarria izan zen etorkinen eta bertakoen artean zubiak eraikitzeko: ‘bi munduen’ arteko hurbilketa alde sozialetik eta kulturaletik abiatu zen, lan arlotik baino gehiago.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, «integrazio kulturala gerta dadin bertako kulturarako irisgarritasuna erraztu eta sendotzea kontuan hartu behar da. Kasu honetan, bi norabideko kanalak erabiltzea ezinbestekoa da kultura eta hizkuntza artekotasunaren ikuspegitik, joan-etorriko zubiak eraikitzeko. Eta horrela ahalbidetu daiteke, hain zuzen, integrazio soziolinguistikoa».

Hizkuntza gatazka

Hizkuntza gatazkaren inguruan, etorkinen eta bertako euskaldunen artean konfrontazio maila bat gertatu zela baieztatu da, baina gehienek ez zuten gatazka esanguratsu modura bizi izan. Izan ere, etorkinek eta ondorengoek egoki ikusi zuten euskararen aldeko hizkuntz politika egin izana eta, oro har, ulertzen dute euskara babesteko eta sustatzeko neurriak ezartzea.

Nolanahi ere, hizkuntza gatazkaren errealitatea ez da soilik etorkinengan antzeman; euskaldunek ere aipatzen dute gaztelania hiztunen praktikara beti egokitu beharrak eragiten dien mina. Alegia, pentsatzen dute etorkinek bertako egoera linguistikora egokitu ordez, eurek moldatu behar izan dutela, halabeharrez, etorkinen errealitate linguistikora.

Hizkuntza politikaren aurreko jarreran inguruan, euskararen biziberritzearen aldetik aipagarria da euskaraz ikasi behar eta nahi duenari aukera guztiak erraztu behar zaizkiola esatean adostasun osoa aurkitu duela ikerketa honek.

Azterketa egiteko modua eta helburuak

Lanaren lehen helburua izan da 1950-1970 urte inguruan espainiar Estatuko lurraldeetatik Altzara etorritakoen hizkuntzarekiko esperientziak, bizipenak, iritziak eta jarrerak aztertzea. Gainera, ezagutza horrek gaur egungo migrazioetan euskararen presentzia handitzeko izan dezakeen aplikazioa esploratu dute.

Ikerlariek elkarrizketa sakonak eta eztabaida taldeak baliatu dituzte ikerketa kualitatibo honetan. 1950eko hamarkadatik 1970ekora heldutako pertsonek, horien ondorengoek, garai hartan dagoeneko Altzan bizi zirenek eta horien seme-alabek partekatu dituzte euren ikuspegiak.

Ikerketaren emaitzen txostena Soziolinguistika Klusterraren webgunean dago irakurgai. Txosten horretatik eratorritako artikulua, berriz, ‘Bat Soziolinguistika Aldizkaria’-n argitaratu da.