Disgusturik latzenak ahazteko, ahalik eta arinen garaipena lortzea da erremediorik onena
Emakumeen Eurucopetik kanpo geratu ostean, Emakumeen endesa Ligako mailari eusten lanak dituen Kanaria handia jasoko du Malosten Lointek Gernika Bizkaiak larunbat gauean. Larunbatean ere, baina eguerdian, Baxi Ferrolen kantxan jokatuko du Kutxabank Araskik.
Saskibaloia eta xakea arras ezberdinak dira. Garai bateko Soviet Batasuneko Maisu Handiek esan ohi zuten porrotik mingarrienen aurka hurrengo partidan ahaliok eta lasterrek berdinketa bilatu behar zela, disgustua pasatzen utzi eta, indarberrituta, garaipena bilatzeko tenorean egon ahal izateko. Saskibaloian, ordea, berdinketak ez dira ametitzen eta, bada, Emakumeen Eurozupeko at geratu izanaren pena garaipen batekin goxatu beharko du Loiontek Gernika Bizkaiak, baldin eta beste porrot batekin mina areagotzen ez zaion.
Teorian behintzat ez da ezinezkoa Lucas Fernandezen taldearentzat London Lionsen kontra ostegunean jasotako jipoia garaipen batekin goxatzea; izan ere, larunbat gaueko 20.30etan Malostetik azaldu zaion aurkaria ez da besterik Emakumeen Endesa Ligako azken-aurreko sailkatua baino; hau da Kanaria Handia.
Esan gabe doa Europako kontuak kitatu ostean etxeko lanak zuzen egitea dela bizkaitarren oraingo betebeharra. Joan zen asteburuan Estudiantesi irabazi eta gero, zazpigarrenak dira uneotan, 10-7 balantzearekin, IDK Euskotrenekin berdinduta eta bederatzigarren postuan dagoen Ferrolek baino bi garaipen gutxiagorekin. Kanaria Handiak, berriz, lau garaipen baino ez ditu pilatu eta Liga orain amaituko balitz, maila galduko luke.
Horiek hala, Lucas Fernandezek izerdi larregirik bota gabe ateratzeko moduko partida dirudi, are gehiago Kanaria handiak azken asteetan makina bat jokalari aldaketa egin dituela kontuan hartuta. Esaterako, Iris Mbulito Donostiara joan da eta Destiny Hardenek ere ez du jarraituko. Horien ordez, bestalde, Lynetta Kizer eta Delicia Tyrae Washington iritsi dira alde batetik, eta Astou Ndour izarra ere. Senegalen sortu baina Espainiako hiritartasuna duen pibota duela urtebete baino gutxiago ama izan da eta, bada, Euroliga jokatzen ari den Schio taldea laga du eta Kanaria Handira itzuli da, bere harrobian hazitako jokalaria baita Ndour, sasoirik onena berreskuratzeko. Esan gabe doa WNBAn ere maila bikaina eman izan duen jokalari honek ez duela asko behar bere talentua erakusteko, uneotan topera ez badago ere.
«Ostegunean jokatu eta gero larunbatean berriz ere jokatzea, erronka handia da guretzat», iritzi dio Lucas Fernandez entrenatzaileak partida jokatu bezperan.
«Entrenamendu leun bat egingo dugu partida baino lehen, taldeak sasoia berreskuratu dezan. Nolanahi, etxeko ‘marea granatea’ berriz ere sentitu gura dugu, taldea goitik behera aldatu duen Kanaria Handiari aurre behar bezala egiteko. Kontuan izan behar dugu beraien barruko jokoan oinarritzen direla eta hori geldiarazi behar dugu hasteko, eta errebotea ondo kontrolatu beharko dugu. Horrez gain, Loville-ren bolada onak ere gelditu beharko ditugu. Burua argi izan beharko dugu eta argitasun hori gure jokoari ezarri beharko diogu, gure zaleak lagun, lehiakor izan eta garaipena eskuratzeko», gaineratu du.
Erabakitzeko unea
Lointek Gernika Bizkaiak jokatzen duenerako, aspaldi amaituta egongo da Kutxabank Araskiren partida, 13.00etan ekingo diolako Made Urietak zuzentzen duen taldeak bere neurketari Baxi Ferrolen kantxan.
Joan zen asteburuan euskal derbian kale egin zuten gasteiztarrek eta IDK Euskotrenen aurka 73-47 galdu ostean, berriz ere beherantz begira jarri dira. Uneotan zazpi garaipen dituzte arabarrek, Kanaria Handiak baino hiru gehiago eta Baxi Ferrolekin berdinduta dagoen Ensino zortzigarren sailkatuak baino garaipen bakarra gutxiago.
Alegia, norantz begiratu behar dute benetan Made Urietarenek? Hanka-sartze ikaragarririk ezin ezean, maila mantentzeko ez lukete arazo handirik izan beharko gasteiztarrek, baina zapatu eguerdi honetako partida bezalakoetan asmatu ezean, ez zaie mailari eustea beste helbururik geratuko.
IDK Euskotrenen aurka asmatu izan balu, zalantzarik gabe Top 8an sartzeko borrokan murgilduta egongo litzateke, baina kale egin zuenez, orain jokalariei dagokie taldearen noranzko batera edo bestera gidatzea.
«Donostian portzentaje oso eskasak pilatu genituen eta defentsan ere sendotasuna galdu genuen. Irabazi ditugun neurketetan ikusi da taldea badela gai sendo aritzeko, hainbeste gorabehera gabe, eta taldea maila horretara itzultzea dagokigu orain», adierazi du Txell Alarcon Kutxabank Araskiko jokalari katalanak neurketa jokatu bezperan.
Baxi Ferrol Koparako sailkatu bazen ere, azken neurketa bietan porrot egin du, Jairis eta Zaragozaren aurka. «Beste taldeekin alderatuta, ezberdin jokatzen du», ohartarazi du Ioseba Redondo bigarren entrenatzaileak. «Gure pibotek kanpora atera beharko dute bere jokalari garaiak defenditzeko eta argi ibili beharko dugu horrekin».
Ligako aurreneko jardunaldian 66-71 nagusitu ziren galiziarrak Mendizorrotzan. Bada, sei puntu edo gehiagoko aldeaz irabaziko balute arabarrek, garaipen kopuru berbera izateaz gain, puntu aldea ere alde jartzea lortuko lukete. «Lehenik eta behin, partida irabazi behar dugu, besterik begiratzen jardun gabe. Partidari ekin aurretik besteri begira aritzeak ez du zentzurik», azpimarratu du Kutxabank Araskiko bigarren entrenatzaileak.
Gracia Alonsok ez du Donostian segiko
Bestalde, Ibatea Basket eta Gracia Alonso de Armiño hegaleko bilbotarra akordio batera iritsi dira jokalariak Donostiako klubarekin zuen kontratua eteteko.
31 urteko jokalaria Lara Gonzalezekin batera etorri Zaragozatik etorri zen pasa den udan eta urtebeterako kontratua sinatu zuen. Joan zen sasoiko Kopako finalean sekulako lana egin zuen «Defentsa Ministro» ezizenaz ezagutzen den jokalari bilbotarrak, Zaragozak Kopa titulua eskuratzeko.
Alabaina, Azu Muguruzaren aginduetara ez du nahi adinako distirarik egin Gracia Alonsok. Batez beste 10 minutu pasatxo jokatu ditu eta partidako 2,9 puntu eta 1,6 errebote pilatu ditu jokatu dituen 14 neurketetan.
Ostiral arratsaldeak aurrera egin ahala, hegaleko bizkaitarrak Movistar Estudiantesen jokatuko duela jakinarazi du Madrilgo taldeak. 2019/2020 denboraldia ere hantxe jokatu zuen, urtebete beranduago Kutxabank Araskira joateko.