INFO

Kide berriei harrera egin eta erronkak zehaztu ditu Udalbiltzak Bergaran

Udalbiltzako kide diren zazpi udal berriei harrera egin die nazio erakundeak Bergaran. Bertatik, Kontseilu Nagusiak erronkak zehaztu ditu, herrietako proiektu berritzaileetan eta Euskal Herri osoko hedapena duen erakunde publikoaren potentzialtasunean fokua jarriz.

Udalbiltzak ekitaldia egin du Bergaran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Udalbiltzaren Kontseilu Nagusia Bergaran bildu da larunbat goiz honetan, kide berrien sarrera onartu eta udalen Euskal Herriko  erakundeak aurrean dituen erronkak zehazteko.

Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentziako udalak dira laster 25 urte beteko dituen erakundearen kide berriak, orotara 84 udal bilduz.

Urtemuga horri begira, hain zuzen ere, Udalbiltzaren orian arteko  ibilbidea gogoratu dute eta etorkizunera begira ere jarri da Kontseilu Nagusia, hurrengo urteetarako zenbait ardatz zehaztuz, eta egituran eta irudiari dagokionean egindako aldaketak azalduz.

Azken 25 urteetan egitasmoa bizirik eusteko lanean aritu direnen lana eskertu dute. Oroitu dute Lizarra Garaziko Akordioaren garai betean jaio zela Euskal Herriaren burujabetza helburu duen egitasmoa, Loren Arkotxak gidatuta.

Haren ondotik, Mertxe Aizpuruaren lehendakaritzapean izan zen «berregituratze» aldia gogoratu dute, baita erronka ezberdinei erantzun eta ibilbidearen birdefinizoan eta berrantolaketan sakondu duten Luis Intxauspe eta Jabi Asurmendiren gidaritzapeko lantaldeen ekarpena ere.

Gogora ekarri dute «ilusioz beteriko hasierako urte haien ondoren, garai gogorrak etorri» zirela, «epaiketak eta zatiketak tarteko», baina, erakundeak bizirik jarraitzea lortu duela nabarmendu dute. Ez hori bakarrik, «unean uneko egoerara eta beharretara» egokitzeko erakutsitako gaitasuna azpimarratu dute.

Abian jarritako proiektuen artean, besteak beste euskal naziotasuna aitortzeko EHNA agiria, lurralde eta herritarren kohesioa sustatzeko Hurbiltzen programa, ikerkuntza bultzatzeko Ikerbiltza ekimena edota Nazio Eraikuntzaren Behatokia aipatu dituzte adibide gisa.

Hurrengo lau urteetara begira, Euskal Herriak egun aurrean dituen erronkei heltzeko, «arloz arlo jakintza eta esperientzia duten pertsonek osatutako lan-taldea» jarriko da Udalbiltza berriaren buruan. Begoña Enbeita Maguregi, Ioritz Berra Juaristi, Garazi Urdanpilleta Astibia, Agurtzane Solaberrieta Mesa, Ivan Verdugo Markotegi, Karlos Renedo Lara eta Andoni Lariz Bustindui dira ardura garatuko duten kide berriak.

Jada abian dauden proiektuak bultzatzeaz gain, ekimen berriak jartzeko asmoa dauka erakundeak, eta «tokian-tokian arrakasta izan duten eta izaten ari diren egitasmoak nazio mailara eraman eta Euskal Herri osora zabaltzeko» ahaleginean jarri nahi du fokua. Asmoa da proiektu horiek indarrez bultzatzea, sustatzea, eta egon daitezkeen oztopo tekniko edo juridikoak gainditzen laguntzea.

Nabarmendu du, bestalde, 84 udal biltzen dituen Udalbiltza bezalako nazio erakunde bat oso tresna baliagarria izan daitekeela XXI. mendeko erronka eta desafio globalei «erantzun berritzaileak emateko».

Azaldu dutenez, «udalak botere munizipal eraldatzailea esperimentatzen ari diren espazio gero eta zabalagoak dira», eta «Euskal Herri osoan hedapena duen erakunde publiko nazionala, aldaketa sistemikoa bilatzen duten egitasmoen sustapenerako eragile aproposa» izan daiteke.

Irudi berria

Udalbiltzak irudi berria ere estreinatzen du, eta horren harira «‘u’ letraren forma irekiak udalerriekin elkarlanean aritzeko eskuak irekita dituen erakundea dela» adierazten duela azaldu dute.

Logo berrian koloreek duten protagonismoa ere aipatu dute,  «egitasmo berritzaileen inguruan eraikitzen ari diren mundu ikuskera berritzaile horiei leku egitearen» ideia transmititu nahi duela zehaztuz.