INFO

IDK Euskotrenek Ligako Top 8ko talde bat zer den erakutsi dio Barçari (55-77)

Erin Whalen, 20 punturekin, eta Alba Prieto, 14 puntu eta 6 asistentziarekin, izan dira Ibaeta Basketeko bi jokalari aipagarrienak. Aurreneko laurdenean abantaila hartu eta ia beti 10 puntutik gorako aldea izan dute donostiarrek. Denboraldiko hamaikagarren garaipena eskuratu dute, ondorioz.

Beste behin puntuak, defentsa zorrotza eta joko argia eman dizkio Alba Prietok IDK Euskotreni. (Andoni CANELLADA | FOKU)

BARÇA CBS 55 - IDK EUSKOTREN 77

Sendo jarraitzen du IDK Euskotrenek, ondo bidean, Emakumeen Endesa Ligako Top 8an merezita sailkatuko dela erakutsiz. Azu Muguruzarenek hasi eta buka menpean erabili dute Barça CBS taldea, batez ere Erin Whalen –20 puntu– eta Alba Prietoren –14 puntu eta 6 asistentzia– lan bikainari esker. Nolanahi, erasoan estuasunen bat izan duten bakoitzean, defentsa lan ona konponbide aproposa bihurtu da gipuzkoarrentzat.

Iaz ez bezala, Bartzelonako taldea Emakumeen Endesa Ligako sailkapenean hondoa jota dago, azken hirugarren postuan baitago, bost garaipenekin eta emaitza txarrak ez ezik, zenbait jokalariren arazo fisikoak ari da nozitzen, Paula Ginzo Lointek Gernika Bizkaiako jokalaria kasu, ebakuntza gelatik pasa berria sorbaldako arazo bat dela-eta –Rakovic eta Roselis Silva titularrak ere min hartuta ditu–. Halako egoera depresiboan dauden taldeen aurka partidari gogor ekitea garaipen erdi izan litekeela jakitun, Azu Muguruzarenak oso kontzentratuta hasi dira, 2-11 aurretik jarriz. Barçak une horietan ez du donostiarren defentsa zulatzen asmatu.

Etxekoen aurreneko hutsarteaz geroztik, beste partida bat hasi da, itxura baten. Anderson katalanen hegalekoak eskumuturra berotu du eta defentsako lana asko gogortu dute gainera. Kosta zaie gipuzkoarrei Barçaren erreakzio horri erantzutea, batez ere Iris Mbulitok bizpahiru baloi erraz galdu dituelako. Nolanahi, Azu Muguruzak aldaketekin bete-betean asmatu du eta etxekoak 9-13 aurreratu badira ere, 2-11ko beste partzial bat lortuta 11-24 amaitu dute aurreneko laurdena, Erin Whalenek aurreneko zati hau hiruko batekin itxi eta gero.

Erin Whalen inspirazioz gainezka aritu da, izan ere. Barça ahalegindu da markagailuko aldea murrizten, baina hegal-pibot estatubatuarrak donostiarren aldea hamar puntuen langaren gainetik mantendu du. Are gehiago, Dulcy Fankamen aurreneko saskiratzeak iritsi direlarik, IDK Euskotren 21-37 aurreratu da, eta Isaac Fernandez katalanen entrenatzaileak nahitaez hutsartea eskatu behar izan du.

Alabaina, hutsarte horrek ez du ezer askorik aldatu eta Ibaeta Basketen abantaila 20 punturen langarantz hurbildu da pixkanaka. Donostiarrak 21-42 ere izan dira aurretik, nahiz eta atsedenaldira partida 25-42ko emaitzaz iritsi den.

Estuasun txikiak

Aurreneko erdi hain ederra egin ostean, erlaxatuegi kantxaratu dira gipuzkoarrak hirugarren laurdenean, eta ondorioz, 8-0eko partzial batekin berrekin dio neurketari Barçak. «Zer esan dugu atsedenaldian? Baloi galduak saihesteko eta Barçak ez dezala hirukorik sartu, eta zer da kontua eta gauza biak batera ari zaizkigu gertatzen! Zer da hau, baina!?», bota die Azu Muguruzak bere jokalariei hutsartean, haserre bizian, markagailua 33-42 estutu dela ikusita.

Entrenatzailearen abisuak mesede egin dio, nonbait, IDK Euskotreni, 0-5eko partzial batekin erantzun baitu. Hala ere, Barçak 2-3 zonakako defentsa ezarri du eta deseroso aritu dira donostiarrak, baita saskiratzea lortu duten jokaldietan ere. Horrez gain, Anna Cruz jokalari beteranoak bere ia 37 urte horietan oraindik talenturik badagoela erakutsi du eta, hala, IDK Euskotrenen aldea hamar puntuen langan egonkortu arazi du. zorionez, Becky Massey eta Alba Prietoren hiru puntuko bi jokaldik markagailua berriz ere zabaldu dute, azken laurdena 43-57 hasi baita.

Katalanek hiruko batekin ekin diote laugarren zatiari, baina IDK Euskotrenen erantzuna bikaina izan da: 2-18ko partziala. Eraso estatikoan ez dira donostiarrak aurreneko erdian bezain fin aritu, baina defentsan zorrotz segi dute eta, bada, Alba Prietoren hiruko batek eta Iris Mbulitok kontraerasoan sarturiko saskiratzen batek neurketa goitik behera erabakita utzi dute: 48-75. Azken lauzpabost minutuak sobera izan dira ia.

Garaipen honen ostean Azu Muguruzarenek Emakumeen Endesa Ligako zortzi onenen barruan sendo jarraitzen dute, 11 garaipenekin, Estudiantes eta Lointek Gernika Bizkaiarekin bosgarren posturako lehia bizian.

FITXA TEKNIKOA

BARÇA: Estebas (4), Anderson (14), Erjavec (4), Wurtz (17) eta Pendande (4) –hasierako bostekoa–, Anna Cruz (8), Guerrero (4) eta Navarro.

IDK EUSKOTREN: Lara Gonzalez (3), Maria España (7), Laura Westerik (4), Becky Massey (8) eta Dulcy Fankam (9) –hasierako bostekoa–, Alba Prieto (14), Iris Mbulito (4), Erin Whalen (20) eta Jewel Tunstull (8).

Epaileak: Lezcano, Munar eta Chueca. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 11-24, 14-18, 18-15, 12-20.