INFO

Eraikuntzako langile baten heriotza salatu dute sindikatuek Errenterian

Prebentziorako neurriak eskatu ditu gehiengo sindikalak Errenterian egindako elkarretaratzean. Pasa den ostegunean hildako langilearen lan istripua salatzeko elkartu dira astelehen goiz honetan sindikatuak. CCOOk bere aldetik egin du elkarretaratzea.

Errenterian izandako lan heriotza salatzeko gehiengo sindikalaren elkarretaratzea. (Andoni Canellada | FOKU)

Eraikuntza obretan laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko Lakuari 100 lan ikuskari gehiago kontratatzeko eskatu du gehiengo sindikalak pasa den ostegunean Errenterian hildako langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzean. CCOOk, bere aldetik deitu du elkarretaratzea.

Lau solairuko altueratik erorita, langile bat hil zen pasa den ostegunean goizeko 11.15ak aldera. Sindikatuek astelehen honetan egindako elkarretaratzean adierazi dute urteko lehen istripu hilgarria izan dela Gipuzkoan, eta Hego Euskal Herrian 18 egunetan izan den zortzigarrena.

Prebentzio Legea onartu eta ia 30 urtera, patronalak «zigorgabetasun osoz» urratzen duela prebentzio-araudia salatu dute: «Erakunde publikoen konplizitatearekin; izan ere erakundeek ez dituzte nahikoa baliabide jartzen ez-betetze horiek kontrolatzeko».

Iaz gutxienez 50 pertsona hil zirela beren lanpostuetan gogorarazi dute, «gehienak prekaritate-egoeran eta segurtasun-neurririk gabe ari zirelako». Azaldu dute egun altuerako erorikoak direla lan istripuek eragindako heriotzen arrazoi nagusietako bat, eta horrelako ezbeharrak oinarrizko babes-neurriekin «erraz saihets» daitezkeela gaineratu dute.

Elkarretaratzea eraikuntzaren sektorean dagoen egoera salatzeko ere erabili dute: «Eraikuntzaren sektorean, enpresek lehentasuna ematen diote berehalako etekin ekonomikoari langileen segurtasunaren gainetik, probintzia-hitzarmena ez aplikatzearen, azpikontratazioaren eta desinbertsioaren bidez».  Horrek lan erritmo altuak, eta prestakuntzarik nahiz prebentzio-baliabiderik eza dakartzala gaineratu dute, lan-istripuak izateko arriskuak areagotuz.