INFO

Patinete elektrikoak, garraio publikotik at

Patinete elektrikoak debekatu dituzte Euskotrenen, Bilboko Metroan, Renfen, Gasteizko eta Bilboko tranbietan... Metro Bilbao eta Euskotrenek diote segurtasun arazoengatik hartu dutela erabakia. Erabiltzaileen ustez, ordea, bateriaz dabilen beste edozein gailu bezain seguruak da.

Patinete elektrikoak, garraio publikoan. (Gasteizko Patinete Elektriko Elkartea)

Geroz eta jende gehiagok darabiltza patinete elektrikoak, baita monozikloak ere. Azken hauek ez dira horren ohikoak, ez da sarritan ikusten kalean gurpil bakarraren albo banatan jarritako euskarrien gainean mugitzen den jendea. Aurrerantzean, kalean bai, baina Euskotrenen, Bilboko Metroan, Renfen, Gasteizko eta Bilboko tranbietan eta Estatu mailako beste hainbat garraio saretan ez ditugu ikusiko. Izan ere, debekatu dute patinete elektrikoak eta monozikloak garraio publiko horietan sartzea; funda barruan eta batuta ere ezin dira sartu urtarrilaren 12tik. Horrez gain, espainiar Estatuko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak eskuliburu berria kaleratu du, ibilgailu mota bi hauek izan behar dituzten ezaugarriak zehazten dituztenak.

Gasteizko Patinete Elektriko Elkarteko Gorka Pradasen arabera, araudi berria ez da ibilgailuek berezko dituzten ezaugarrietara egokitzen eta erabilgarriak diren ehunka patinete «zaborretara botatzea» eragingo du: «Urtarrilaren 22tik aurrera ezin dira saldu araudia betetzen ez dutenak eta 2027ko urtarrilaren 22tik aurrera ezin izango dira erabili ere. Bete ezina da, berezko dituzten ezaugarriak direla eta».

Hori gutxi ez, eta erabiltzaileek beste debeku bati egin behar diote aurre, garraio publikoarena. Euskotrenek eta Metro Bilbaok ohar baten bidez jakinarazi zuten «segurtasun arazoak» direla eta hartu dutela erabakia, eta ez dute bestelako azalpenik eman nahi izan. Izan ere, gertatu izan dira istripuak patinete elektrikoekin, daramatzaten bateriek eztanda egin dutenean.

Pradasen ustez, ordea, gehiegizkoa da debekua: «EAEn ez da istripurik izan, eztanda egin dute bi bateriak espainiar Estatuan eta Madrilen eta Bartzelonan izan da». Horrez gain, azpimarratu du istripuok sortutako zaurituak «arinak» izan direla eta, beraz, ezin daitezkeela patinete elektrikoak orokorrean arriskutsutzat jo.

Gainera, araudi berriek ez dute debekatzen bateriaz dabilen ibilgailu oro garraio publiko jakinetan sartzea, bizikleta elektrikoak eta motor bidez dabiltzan gurpildun aulkiak, adibidez, sartu ahal izango direlako. Beste gailu batzuek sortutako istripuen aurrean erakundeek izan duten jokatzeko moduarekin alderatu du Pradasek oraingoa: «Portatilek ere egin dezakete eztanda, eta egiten dute, zauritu gehiago eraginez. Hala ere, ez dituzte debekatu. Gertatu izan da auto elektriko edo hibridoek su hartzea ere, eta horiek ere ez dituzte debekatu».

Zalantzak

Badauka sentipena erabakia erakundeek haien burua babesteko modua dela, «nahiago dute dena debekatu badaezpada; horrela, ardura haien gainetik kentzen dute». Halaber, salatu du horrelako neurri orokorrek «betikoak» kaltetzen dituela, hots, «langileak eta ikasleak». Uste du, badagoela bestelako konponbideren bat bilatzerik.

David Hoyos Mugikortasun Jasangarri irakaslea da EHUn eta bera ere zalantzati agertu da Euskotrenek eta Metro Bilbaok, besteak beste, emandako argudioen aurrean: «Planteatu beharko litzateke ea segurtasuna den arrazoia edo elkarbizitza arazo bat dagoen patineteekin». Izan ere, ukaezina da oinezko ugari kexu direla patinete elektrikoak darabiltzatenez: «Arazoa da berriegiak direla, gonbidatu berria da hiri bizikidetzan eta ez dago argi zein den dagokion espazioa; uste dut gatazka hortik etorri daitekeela».

Arrazoia gatazka izan edo segurtasuna izan, Hoyosek ere uste du etorkizunera begira arazoak sortu ditzakeen erabakia dela debekuarena. «Garraio pribatuaren alternatiba diren ibilgailuak erabiltzea zailtzen duen edozein neurri hobeto pentsatu beharko litzateke», Hoyosen ustez.

Deritzo horrelako erabakiek jendea autoa erabiltzera bultzatu dezaketela, bestelako ibilgailuen ordez: «Ez bagara era berri horiek integratzeko gai, bultzatu ditzakegu kotxea erabiltzera, hain zuzen ere hori zenean garraio publikoarekin ekidin nahi genuena».

Patineteen ezaugarri esanguratsuenetakoak dira multimodalitatea eta intermodalitatea, Pradosek azaldu duenez:«Ez da erabiltzen patinetea 20 km egiteko, baizik eta lehen milia eta azkena egiteko». Debeku honekin ezinezkoa da erabilera hori egitea eta guztiz mozten du ezaugarri hori, «orduan ez du merezi erabiltzea».

Debekuaren aurrean, Pradasek erabiltzaileak kontuan hartu ditzatela galdegin du «Araudi zehatzak behar ditugu, ez debekuak».