INFO

Zuhaitzak bota ondoren, Groseko BCCren aurka atera dira kalera berriz Donostian

Basque Culinary Center berria Grosen eraikitzeko Nafarroa hiribideko zuhaitzak bota eta biharamunean manifestazioa egin dute Manteo eta Zemoria parkea «ez ikutzea» eskatzeko. Antolatzaileen arabera, «ehunka lagun» elkartu dira.

Astearte honetan BCCren eraikin berriaren aurka egin duten manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Astelehenean Grosen eraikiko duten Basque Culinary Centerren eraikin berriaren lanak hasteko Nafarroa Hiribideko zuhaitzak botatzen hasi ziren. Asteartean, protesta egiteko manifestazioa egin dute bizilagunek, Okendo Kultur Etxetik udaletxeraino.

Uliako auzo elkarteak sareen bitartez jakinarazi duenez, «ehunka lagun» bildu dutu arratsalde honetan egindako mobilizazioak. Ez da lehenengo protesta izan, proiektua aurkeztu zenetik bizilagunek hainbatetan desadostasuna adierazi dute eta.

Zuhaitzak mozten hasi zirenean, SOS Manteo plataformak «txikizioa» hasi zela deitoratu zuen; izan ere, Okendon egindako bilera informatiboan Amenabar-BCCk espaloiko zuhaitzak ez zituela ukituko esan zuen eta, plataforma horren arabera. Donostiako Udalaren isiltasuna ere salatu zuten bizilagunek.

Eraikin berriarekiko desadostasuna erakusten jarraitzeko, asteazkenerako bilera informatiboa antolatu dute aurrekari historikoak gogoratu eta egungo egoeraren berri emateko, 19.00etan, Okendo Kultur Etxean. Ostegunean, aldiz, 12.00etan Udalaren Osoko Bilkurara joateko deia zabaldu dute.