INFO

Parisek ezarritako 16 urte eta erdiko kartzelaldiaren ostean aske da Luis Iruretagoiena

Zigor luzea agortu du Luis Iruretagoiena tolosarrak frantziar espetxeetan. Ostiral honetan amaitu du 2007. urtetik zetorren gatibualdia eta etxera aske itzuli da.

Luis Iruretagoiena, erdian, jada aske eta ‘Etxera’ aldarria eskutan hartua. (Etxerat)

Hamasei urte eta erdi frantziar kartzeletan preso eman ostean, kalera atera da ostiral honetan Luis Iruretagoiena Lanz tolosarra, Etxeratek jakinarazi duenez. Bururaino agortu du Parisko auzitegi bereziek ezarritako kondena.

2013. urtean epaitu zuten Iruretagoiena ETAko kide izateagatik eta 20 urteko zigorra ezarri zioten. Atxiloketa 2007an gertatu zen Cahorsen, Lot departamenduan: Alaitz Aramendi, Oihan Barandalla eta Ander Mujikarekin batera harrapatu zuten.

Urte ugari eman ditu preso Alençonen, etxetik 830 kilometrotara, senide eta lagunen bisitak nabarmen oztopatuz (hiru egun behar zituzten bertara heldu eta itzultzeko). 2018an frantziar Gobernuak abiatutako hurbiltze prozesuaren barruan Mont de Marsanera lekualdatu zuten eta zigorraren azken zatia Lannemezanan igaro du.

Espainiako Auzitegi Nazionalean ere epaitu zuten 2016an beste hiru euskal hiritarrekin batera eta errugabe atera ziren. Iruretagoiena ETAko kidea zela berretsi zuen epaiak baina Parisek horregatik kondena ezarri zionez ezin izan zuen berriz zigortu.

Iruretagoiena aske dela, frantziar kartzeletan zazpi preso gelditzen dira Etxeraten zerrendari dagokionez: Ainhoa Ozaeta Reau-n, eta Javier Abaunza, Arkaitz Agirregabiria, Garikoitz Azpiazu, Iñaki Esparza, Mikel Karrera eta Fermin Martinez Lannemezanen.