INFO

Altuna eta Zabaletaren lesioek oso maldan gora jarri dute Asperen Binakakoa

Amezketarrak partida erdia jokatu du ezkerrez pilotarik jo ezinda eta etxarrendarrak eskuin hankan zaintiraturen batekin aritu da denbora luzez. Jaka eta Mariezkurrenak poltsikoan dute finalerdietarako txartela Labriten irabazita.

Partida ona jokatuta, Erik Jakak finalerdietarako txartela eskuratu du. (Iñigo URIZ/FOKU)

Denbora luzean esne aparretan ibili ostean, alarma guztiak piztu dira Aspen ber bi pilotaririk erabakigarrienak min hartu ostean. Jasotako porrotak mingarriak izanda, Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta txapelketaren une honetan galtzeak hankaz gora ipintzen du Binakakoa Eibarko enpresarentzat. Bi pilotariak euren partidak amaitzeko gai izan dira, baina amezketarrak ezker eskua izorratu du eta partida erdia baino gehiago eman du esku horrekin pilotarik ukitu gabe eta etxarrendarrak eskuin zangoan ziztada bat nabaritu du kantxan oso deseroso sentiaraziz. Bakoitzaren lesioaren nondik norakoen berri jakiteko mediku froga gehiagoren zain, zaila dirudi bietako inor hurrengo jardunaldian jokatzeko moduan izatea. Mikel Urrutikoetxeak ere, azkenerako, zaintiraturen bat izan du zangoan, baina Zaratamokoaren lesioak ez du halako eraginik txapelketaren ibilbidean.

Txanponaren beste aldea da oraintxe Baiko, jardunaldia borobila izaten ari baita euren interesentzat, Artola-Imazek Tolosan egin dezaketenaren zain. Jakak eta Eskirozek Labriten lortutako garaipenarekin, lizartzarrak eta Mariezkurrenak poltsikoan dute finalerdietarako txartela, Berriozarreko atzelariak batere presarik gabe osatu ahal izango du bere eskuin esku hori eta hori guztia gutxi balitz, Josu Eskirozekin berme osoko atzelari bat dutela frogatu dute. Altuna eta Zabaletaren lesiorik gabe, Ezkabarte-Makirriaingo atzelaria izango litzateke jardunaldiko protagonista, partida bikaina osatu baitu, lautik airez eta ezkerrez txokoan dejadaz lortutako bi tanto ezin ederragoekin apainduta. Erik Jakak ere, bikotearen zama bizkarrean hartuta, lehia borobila jokatu du, errematean asko asmatuz, baina Baikokoen lan onari Aspekoen lan kaskarrak distira handia kendu die.

Izan ere, partida hasieran bikote nafarrak lehia azkar xamar hauts zezakeela zirudien arren, Jose Javier Zabaleta bidean galdu da eta Peio Etxeberriak ere ez du bidean sartzen asmatu. 5-4koan sartu da etxarrendarra lehen aldiz aldageletara, lentillekin arazoak eta begietan kolirio bat botatzera. Hortik aurrera kantxan bere lekua topatu ezinik aritu da atzelari nafarra eta gainera, partida erdian  ziztada bat nabaritu du eskuin oinean eta hortik aurrera erabat irten da partidatik, ohikoak ez dituen hutsak pilatuz. 9-6koan bigarren aldiz joan da Zabaleta aldageletara, mindutako berna hori lotzera. 18-10ekoan epaileak ez dio berriz ere kantxa uzten utzi eta jarritako benda atseden setean kendu behar izan du, amorruz. Hurrengo tantoan, medikuak eskatuta, aldagelarako baimena lortu du egungo atzelari txapeldunak, baina ordurako partidak ihes egina zien, Peio Etxeberria ere ez delako laguna behar bezala babestu eta jokoaren ekimena bilatzeko gai izan.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Eskiroz: 22

Etxeberria-Zabaleta: 10

Pilotakadak: 300. Iraupena: 53,46 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-5, 7-5, 7-6, 11-6, 11-7, 14-7, 14-8, 15-8, 15-9, 18-9, 18-10, 22-10. Sakeak: 5 Jakak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 9 Jakak, 3 Eskirozek, 2 Peio Etxeberriak eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Jakak, 3 Eskirozek, 1 Peio Etxeberriak eta 5 Zabaletak. Gorabeherak: Beste betakada bat Labriten, giro ederrarekin. Lehen sakea gorri. Partidan zehar Jose Javier Zabaleta hiru aldiz joan da aldageletara, lehena lentilarekin arazoren batekin eta beste bietan izterrean min hartuta. Epaileak ez dio beste batean kantxa uzten utzi.

Ia bi ordu eta bi lesionatu Bilbon

Ez da gora-behera gutxiago egon Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako ia bi orduko eta 941 pilotakadako lehian. Azkenerako garaipena Laso eta Mikel Urrutikoetxeak eskuratu dute, baina emaitza ia gutxienekoa izan da, amezketarrak eta Zaratamokoak min hartuta amaitu dutela jakinda. Bizi eta ibilbide osoa atzelari jokatzen eman balu bezala hasi du partida Mikel Urrutikoetxeak eta Laso on batekin, markagailuan aurretik joan dira partidaren lehen erdian, nahiz eta lehen atsedenaldi luzera Altuna eta Martija tanto bakarraren aldearekin joan (12-11). 2022ko txapeldunek zailena egina zutela zirudien, baina Jokin Altunari pilota bat sartu zaio ezker eskuan eta hortik aurrera partida sufrikario bat izan da amezketarrarentzat, esku horrekin apena jo baitu pilotarik amaiera bitartean.

Eta Martijarentzat ere lehia deseroso eta nekatua izan da erabat, Altunaren gabeziez jabetuta, batere arriskurik hartu gabe, partida luzatu eta Etxeberrikoa etengabe zigortzera jokatu baitute Baikokoek. Azkenerako puntua eskuratu dute, baina tantoak luzatzearen estrategia hori garesti ordaintzeko zorian izan dira, Aspekoek nola edo hala partidari eutsi eta Mikel Urrutikoetxea izan baita, partida hogeina berdinduta zela, fisikoki lehertu dena, zangoan zaintiratu batekin.
Aldageletatik bueltan, ia mugitu ere egin ezin zuela, kale edo bale botatako gantxo batekin tantoa lortu du bizkaitarrak berriz ere aldageletara itzuli aurretik eta Altunak ezkerrez Lasoren azken sakea eraman ezinda itxi da ezbeharrez betetako partida nekagarria.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna-Martija: 20

Laso-Urrutikoetxea: 22

Pilotakadak: 941. Iraupena: 113 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-5, 3-6, 4-6, 4-7, 4-8, 6-8, 6-10, 9-10, 9-11, 13-11, 13-14, 14-14, 14-16, 16-16, 16-17, 19-17, 19-19, 20-19, 20-22. Sakeak: 1 Lasok. Egindakoak: 10 Altunak, 2 Martijak, 10 Lasok eta 4 Urrutikoetxeak. Galdutakoak:  5 Altunak, 3 Martijak, 6 Lasok eta 2 Urrutikoetxeak. Gorabeherak: Betekadarik ez baina sarrera oso polita Bilboko Bizkaia pilotalekuan.