INFO

Martxoaren 31n aurkeztuko den bide orria lantzeko jardunaldia du Bagirak Kanbon

2022ko abenduan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea eguneratzeko prozesua martxan emateko asmoa jakinarazi zuen Bagira dinamikak. Birfundazio prozesu horren gakoak eta ondoko hamarkako erronkak jasoko dituen bide orria zehazteko xedez jardunaldia egiten ari da, larunbat honetan, Kanbon.

Bagira dinamikak beste urrats bat eman du Kanboko jardunaldi hauekin. (Guillaume Fauveau)

2022ko abenduan Bidarrain eginiko aurkezpenaren ondotik, transmisio historikoari buruzko fase batekin hasi zen, iazko otsailean, Itsasun, heldu den martxoaren 31n, Uztaritzen antolaturiko Aberri Egunarekin bururatuko den Bagira dinamikaren ibilbidea.

Iraganaren karpeta lekukotasunez bete ondoren, mugimendu abertzalearen ondoko hamarkadan aitzineratuko dituen erronkak marrazteari begira inkesta martxan eman zuen Bagirak Itsasuko Adierazpenaren 60. urteurrena markatzeko ospatu zuen Aberri Eguna amaitu bezain pronto.

Inkestak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen baitan adostasun maila handia dagoela erakutsi zuen.

Era berean, herritarrek emandako erantzunetan oinarrituz lehentasunezko lan arloak zehaztea ahalbidetu zuen galdeketak.

1.500 lagunek erantzun zuten galdetegiak utzitako emaitzak aurkezteko agerraldian Bagira prozesuaren gidaritza batzordeko kide den Txomin Povedak azaldu zuenez, iritzia emateko ariketa horrek «mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko».

Ibilbide horrekin jarraituta, abenduaren 2an, Hazparnen antolaturiko Gazte Egunak geroa irabazteko engaiamendua irudikatu zuen.

Hitzordu horiek guztiak baliatu ditu Bagirak ahal den eta eremu zabalera gogoeta eramateko.

Molde ezberdinak baliatu dituzte dinamikaren sustatzaileek, prozesuarekin bat egin duen jendearekin saio irekiak antolatuz edota eremu ezberdinetan jarduten duten hainbat eragilekin bilera bereziak eginez, Bidarrain finkaturiko helburuari heltzeko.

Ekarpen horiek bildu ondoren, ezkerreko mugimendu abertzalearen birfundazioaren gakoak eta ondoko hamarkadarako erronkak zehaztuko dituen bide orria aztertzeko jardunaldia antolatu dute, larunbat honetan, Kanbon.

Lehenengo zirriborroa eramanen dute dinamikaren sustatzaileek

Dinamikaren sustatzaileek azaldu dutenez, «bide orriaren lehenengo zirriborroaren gaineko iritziak trukatzeko» parada izanen dute Xalbador Kolegioan antolaturiko jardunaldian parte hartzeko izena eman duten lagunek.

Topaketa goiz eta arratsaldez ari da egiten. Goizeko saioa 9.00etan hasi da. Goizean zehar aipaturiko bide orriaren zirriborroari eztabaidatzeko parada izan da.

Egoera lokal zein globala, abertzaletasunaren oinarriak, estrategiak eta praktikak, etapa instituzional berri baterako perspektibak… horiek eta bestelako gaien inguruan talde txikitan antolatuko dituzte solasaldiak «denen parte hartzea errazteko gisan».

Arratsaldean, berriz, «heldu den hamarkadan lorgarriak diren helburuak» zehazteko ordua da.

Zenbait tailerretan jarduteko aukera eskainiko zaie parte hartzaileei. Inkestak lehentasun gisara zehaztu zituen ondoko gai inguruan eztabaidatzeko parada ukanen dute: euskara, etxebizitza, klima, soziala, laborantza herrikoia, gazteria eta feminismoa.

Lanak bateratzeko ariketa batekin bukaera emanen zaio lan egunari, 17.00ak aldera.

Mugimendu abertzalearen jardunaldiaren ostean heldu den martxoaren 31ean Uztaritzen ospatuko den Aberri Egunean publiko eginen den behin betiko bide orria idazteko etapa martxan jarriko du Bagira dinamikak.