INFO

Pertsona bat atzeman dute Makean bi herriko etxeen aurkako erasoen harira

Asteburu honetan hainbat ekintza izan dira Ipar Euskal Herrian. Hazparnen Herriko Etxearen ataria lehertu dute eta Makeako Herriko Etxearen paretan «idazki iraingarriak» agertu dira. Pertsona bat atxilotu dutela erasoen harira baieztatu ahal izan du 'Mediabask' hedabideak.

Hazparneko Herriko Etxearen atea hondatu zuten larunbat eta igande arteko gauean. (Guillaume FAUVEAU)

Asteburu honetan Ipar Euskal Herrian zenbait ekintza izan ondoren pertsona bat atxilotu dutela astelehenean bi udaletxe jomugan jarri dituen eraso horien harira baieztatu ahal izan du 'Mediabask'-ek.

Harparnen eta Makean izan ziren ekintzen artean lotura eginez Jerome Bourrierrek, Baionako prokuradoreak, aipaturiko hedabideari baieztatu dio gizon bat atxilua izan dela, astelehen goizean, bigarren herri horretan

Hazparneko Herriko Etxeak igandean salatu duenez, udaletxearen atarian kalte material handiak izan ziren larunbat eta igande arteko gauean izandako erasoaren ondorioz. Herriko Etxearen kanpoko atea guztiz lehertu dute ezazagun batzuek.

Hori soilik ez, herri bereko Xapitalia kirol eremuan dagoen eskultura bat ere bere tokitik kendu eta errepide erdira eraman dute.

Bestalde, Makean ere beste eraso baten berri eman zuen, atzo, Alain Dubois auzapezak.

 

Makeako Herriko Etxearen paretetan «idazki iraingarriak» agertu zirela jakitera eman du igande arratsalde honetan Euskal Elkargoko burua den Jean-Rene Etchegarayk. «Alain putasemea» esaldia (frantsesez) idatzi eta zakila handi bat marraztu dute Makeako Herriko Etxearen aurrealdean.

Jean-Rene Etchegarayk irmoki salatu ditu «Errepublikaren sinboloen aurka» Hazparnen eta Makean izan diren «bandalismo ekintzak» eta bere elkartasuna helarazi die bi herrietako auzapezei.

Ildo beretik erasoak salatzeko mezua sareratu du Peio Etxeleku EAJ-PNBren IBBko buruak.

 

Euskal Herria Baik mezua plazaratudu astelehen goizean ekintza horiek deitoratuz eta elkartasun hitzak ukan ditu Hazparne eta Makeako auzapezentzat.

 

Pirinio Atlantikoen Prefeturak, bestalde, gertakari horiek deitoratzeaz gain erasoen erantzuleak xerkatzeko ikerketa abian dela iragarri du. Laborariek protestak burutzen dituzten testuinguruan gertatu dira aipaturiko ekintzak. Izan ere, joan zen astearteaz geroztik errepideen blokatzeak abian eman duen FDSEA sindikatuak ekintza horiekin zerikusia ez duela adierazi du.

Radar bat erauzi dute Ortzaizen

Bestalde, atzo Baigura mendirat joan ziren mendizaleek bertan hazten den «espeziea» atzeman zuten. Hain zuzen, mendi magalean, errepideko radar bat zegoelako.

France Bleu Euskal Herri irratiak eman du aurkikuntza bitxiaren berri, eta gailuaren argazkia eskaini du bere webgunean. Berehala sare sozialetan hitz eta pitz aritu dira herritarrak gertakari harrigarri horri buruz.

Antza denez, 918 deparmendu errepidean, Ortzaize parean ezarritako radarra litzateke mendizaleek Baiguran atzeman dutena. Albistea zabaldu duen hedabidearen arabera, nehork ez du ekintza aldarrikatu.