INFO

Mundu osoan zehar zabaldutako auzo lehia baten azken funtzioa

Jai Alairen azken bi hamarkadatako bi erreferentzia nagusiak izan diren Goikoetxea eta Lopez zumaiarrek euren arteko azken partida jokatuko dute Gernikako Winter Seriesaren lehen finalerdian, aurrelaria Lekerikarekin eta atzelaria Johanekin ariko dira.

Goikoetxea eta Lopez, elkarren artean jokatutako hamaika finaletako bateko irudi batean. (Jon URBE/FOKU)

Denboran atzera gehiegi egin behar izanik gabe, Retegi/Galarza, Fusto/Gaubeka, Eugi/Beloki, Urriza/Barrenetxea, Aimar Olaizola /Juan Martinez de Irujo... Pilota-molde eta garai bakoitzak izan ditu bere lehia eta norgehiagoka bereziak, eta dudarik ez da, Goikoetxea eta Lopezen artekoa izan dela nazioartean sonarik handiena izan duen espezialitatean, zestan, orain arteko XXI. mendeko demarik sonatuena.

Kasu honek, gainera, badu aparteko berezitasun bat, azken bi hamarkadatako bi erreferentzia nagusiak herri berean jaiotakoak baitira, urte luzez pilotaleku luzerik izan ez duen Zumaian, ia belaunaldi berekoak dira eta euren arteko demek aparteko kapitulu bat izango dute kirol honen historiaren liburuan. Ezer ez da, ordea, betiko, eta mundu osoan zehar garatutako dema honek astelehenean bere azken funtzioa biziko du, Gernikako Jai Alai ederrean, beste behin sarrera guztiak agortuak direla eta finalerako txartela jokoan dutela.

Zesta puntari eskainitako bizi oso baten ostean, Iñaki Osa Goikoetxeari agur esateko ordua heldu zaio. Okerrik ezean, bi partida ditu aurretik; asteleheneko Gernikako finalerdia eta agurrekoa, bihar irabaziz gero finala, eta bestela hirugarren posturako lehia. Zumaiako aurrelariaren agurra azkenaldian ematen ari den belaunaldi aldaketan beste urrats bat da. Beaskoetxeak eta Irastorzak gerrikoa eskegi zuten, eta Lopez (39 urterekin) eta Erkiaga (36) geratuko dira, kantxan oraindik emateko asko dutela.

Final bat agurrerako

Zestak bera utzi aurretik utzi nahi izan du Goikok, oraindik lehiakor dela, eta Lopezen aurkako bere azken partida goi mailako final bat izango da, elkarren artean horrenbestetan jokatutako beste bat. Txapelketa aurkeztu zutenean aditu denak, edo gehienak behintzat, bat etorri ziren Goikoetxea-Lekerika eta Johan-Lopez txapela janzteko bi faborito nagusiak zirela iragartzerakoan, baina finalean baino, finalerdian egingo dute topo, lapurtarrari eta Zumaiarrari apur bat kosta zitzaielako lehiari neurria hartzea eta euren multzoan bigarren postuan amaitu zutelako.

Goiko eta Lekek oso bikote sendoa osatzen dute, esperientzia handikoa, elkar primeran ezagutzen dute. Badaramatzate bost urte elkarrekin sarri jokatuz, garaipen handiak ere eskuratu dituzte bikotea osatuta, eta bataren eta bestearen dohainak erabat osagarriak dira. Zumaiako aurrelariaren esperientziari gernikarraren oldarkortasuna eta sasoia batu behar zaizkie.

Goikoetxea eta Lekerika, entrenamendu batean. (JAI ALAI)

Bikote horia, bere aldetik, ez da horrenbeste aritu. Aurrelari lapurtarrak sekulako gaitasunak ditu, baina horren gaztea izaki, badaki Lopezen aginduetara aritu beharko duela, atzelari zumaiarrak eraman beharko duela partidaren zama. Irabazle hutsa da eta badaki halako partidetan zer egin behar den une bakoitzean. Sorozabalen errebes bikainarekin, ematen du taktika Lekerika baztertzea izango dela, tantoa amaitzeko zuloa agertu bitartean.

Bide desberdinetatik

Finalerdietara bide desberdinetatik heldu dira bi bikoteak. Goikoetxearentzat eta Lekerikarentzat lehen fasea paseo bat izan da. Johan eta Lopezek, ordea, partida bat galduta, une zailak pasa dituzte, baina beste bi garaipenekin aurrera egitea lortu dute.

Biharko partidak erakutsiko du zerk balio duen gehiago, lasai heltzeak edo zailtasunei aurre egin izanak. Gauza bat edo bestea gertatu, argi dagoena da Jai Alairen historiaren zati baten amaiera izango dela biharkoa Gernikan. Zailtasunak zailtasun, bi zumaiarrek elkarrekin osatu dute etapa eder bat, baina hori bai, kantxa barruan azken egunera arte muturrera eramandako lehiakortasuna galdu gabe.