INFO

‘20.000 erle espezie’ filmeko partaideak sarituko ditu Naizenek

Esti Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmeko partaideak sarituko ditu adin txikiko transexualen Naizen familia elkarteak otsailaren 3an Etxarri-Aranatzen egingo den urteurren jaian. Ekitaldian ZiNaizen saria aurkeztuko da ere, ekainean egingo den Zinegoak jaialdiaren sariketa berria, hain zuzen.

Sofia Otero, filme sakon honen protagonista. (GARIZA FILMS )

Naizen, adin txikiko transexualen familien elkarteak, urteko jaia ospatuko du datorren otsailaren 3an. Ekitaldian Estibaliz Urresolak zuzendutako ‘20.000 erle espezie’ filme hunkigarriaren partaideak sarituko dira, «familia hauen bizipenak oso modu zehatzean zabaltzen lagundu baitu», antolatzaileen esanetan. Berlingo jaialdian estreinatu zenetik, sari andana jaso du filme honek; horren adibide, asteburuan egin diren Feroz sariak.

Adin txikiko transexualen familiak Etxarri-Aranatzen bilduko dira, beraz, Naizen elkartearen bederatzigarren urteurrena ospatzeko, elkarteak berak iragarri duenez. 2015ean Chrysallis Euskal Herria sortu eta ondoren Naizen bihurtu zen. Ordutik, lan handia egin dute gizarteak errealitate hau ezagutu dezan.

Jaia Etxarri-Aranatzen ospatu nahi izan dute, «hiriburuetan ospatzetik, nekazal gunean ere aniztasuna ikusarazteko helburuarekin». Bertan bilduko dira gaur egun elkartea osatzen duten 300 familia baino gehiagotako asko, baita azken urte hauetan bidelagun izandako ordezkari politikoak, beste elkarte batzuetako kideak, profesionalak eta ekintzaileak ere.

Ospakizuna ez da ekitaldiarekin amaituko. Ondoren, bazkaria, dantza, tailerrak eta ikuskizunak izango dira. Azpimarratzekoa da kamisetak erabiliz denen artean egingo den horma-irudi erraldoia; partaide ba- koitzak lanaren zati bat etxera eraman ahal izango du kamiseta batean.

Urtero egin ohi denez, «2015ean zortzi familia elkartzen hasi zirenetik lortutako guztia oroitu eta aniztasuna baliotzat duen gizarte bat lortu aurretik dauden erronkak gogoratuko dira, haur eta gazteen transexualitatea oztopo-lasterketa etengabea ez izateko, oraindik lana baitago egiteko», aipatu dutenez.

Horrez gain, ZiNaizen sari berria ezagutaraziko da ekitaldi honetan, Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiaren haurren transexualitatearen inguruko ikus-entzunezko laburrik onena sarituko duen atal berria.