INFO

Apirilean auzipetuko dute bi udalen kontrako erasoen harira Makean atxiloturiko gizona

Joan zen asteburuan kalteak eragin zituzten Hazparneko eta Makeako herriko etxeetan. Ekintza horiekin lotura zuelakoan, atzo, Makean atzeman zuten gizona epaile aurrera eraman dute gaur. Herritarrak beregain hartu ditu aipaturiko erasoak. Apirilaren 23an auzia eginen diote Baionan.

Hazparneko Herriko Etxearen atea hondatu zuten larunbat eta igande arteko gauean. (Guillaume FAUVEAU)

Urtarrilaren 27 eta 28 arteko gauean Hazparne eta Makeako udalak jomugan hartu zituzte erasoak izan ziren. Sarrerako atea hautsi zen Hazparneko Herriko Etxean eta Makeako Herriko Etxeko fazadan, berriz, pintada iraingarria agertu zen.

Bi ekintza horiek, «Errepublikaren sinboloen aurka jo zutelakoan», gogor gaitzetsi zituen Jean-Rene Etchegaray Euskal Ekargoko lehendakariak. Beste hainbat hautetsik eta alderdik ere, hala nola EAJ-PNBk eta EH Baik, erasoak arbuiatu eta auzapezei elkartasuna adierazi zieten.

Ekintza horiekin lotura zuelakoan pertsona bat atxilotu zuten, astelehenean, Makean. Gaur goizean Baionako epailearen aurrera eraman ondoren, herritar horrek beregain hartu ditu aipaturiko erasoak. Jujeak libre utzi badu ere auzia eginen diote heldu den apirilaren 23an.

Gizonak Hazparneko Herriko Etxearen atea hautsi zuen eta herri bereko Xapitalia eremu zelaian dagoen harrizko eskultura bere tokitik kendu zuen. Makean, berriz, auzapezaren aurkako «idazki iraingarriak» idatzi zituen.

 

Mezu iraingarriak Makeako Herriko Etxeko paretan.

Aupaturiko eraso horiek afera partikular bati erantzun ziotela azaldu du gizonak. Hala asteburuan gertaturiko ekintza horiek zerikusia ez zutela euskal laborarien azken egunetan aurrera eraman dituzten protestekin baieztatu da.

France Bleu irratiak azaldu duenez, auzia egin bitartean gizonak hainbat kontrol neurri errespetatu beharko ditu. Hala nola, Hazparnera sartzeko debekua du gizonak. Era berean Isabelle Pargade Hazparneko auzapezarekin baita Makeako auzapez den Alain Duboisekin ere harremanetan sartzeko debekua ezarri dio epaileak.

Hain zuzen bigarren herri horretan sostengu elkarretaratzea deitu dute gaur arratsaldean Alain Dubois auzapezarelin elkartasunean.

Radar bat Ortzaizen erauzi eta Baigura mendian utzi zuten.

Finean, argitu gabe jarraitzen du asteburuan izan zen beste gertakari bat. Ortzaizeko herriaren parean dagoen radarra errepide bazterretik erauzi eta Baigura mendiko magalean utzi zuten. Mendizale batzuk atzeman zuten gailua mendiko bide batean. Nehork ez du beregain hartu ekintza hori.