INFO

Yerayren itzulerak Peru Nolaskoainen irteera ahalbidetu dezake neguko merkatuan

Bigarren Mailako hainbat talde Zumaiako jokalariaren atzetik dabiltza. Adibidez, iaz utzita aritu zen Eibar. Kontratua amaitzen zaio denboraldi amaieran, eta oso gutxi jokatu du Valverderekin.

Yerayk partida osoa jokatu zuen Cadizen kontra. (@AthleticClub)

Azken hiru hilabeteetan lesionaturik egon ondoren, Yerayk berriro jokatu zuen Cadizen kontra. Barakaldoko erdiko atzelariak nabarmendu zuenez, «eroso» sentitu zen zelaian.

Albiste pozgarria Athleticentzat, defentsa osatzeko buruhauste askorekin ibili baita Ernesto Valverde denboraldi osoan zehar. Paredesek eta Vivianek ia partida guztiak jokatu behar izan dituzte, eta Yerayren itzulerak aukera gehiago emango dizkio entrenatzaileari. Gainera biak lau txartelekin daude Ligan, eta arinago edo beranduago, zigorra jaso dezakete.

Yeray min hartuta egon arren, Peru Nolaskoainek ez du jokatzeko aukera askorik izan. Zumaiako futbolariak defentsan, zein zelai erdian, jokatu dezake. Hala ere, bost partidatan bakarrik parte hartu du.

Barakaldo atzelariaren itzulerak Nolaskoainen irteera ahalbidetu dezake. Bigarren Mailako hainbat talde bere atzetik dabiltza. Iaz Eibarren aritu zen, eta armaginek bueltatzea nahiko lukete. Cesar Palacios kirol zuzendariak baieztatu du interesa daukatela, eta fitxaketa garrantzitsua izango zela nabarmendu du. Valladolidek ere galdetu du berarengatik. 25 urte ditu eta denboraldi amaieran kontratua amaitzen zaio Athleticen.

Eta Imanol?

Athleticen gutxi jokatzen ari den beste futbolari bat Imanol Garcia de Albeniz da. Defentsaren ezker hegalekoak aukerak izan zituen lehen jardunaldietan, baina Yuri osatu denetik minutu gutxi izan ditu. Are gehiago, hirugarren aukera bezala geratu da Valverderentzat, eta Lekue zelairatu izan du ezker hegalean bere aurretik.

Azken bi denboraldietan Eibarren eta Mirandesen utzita egon ondoren, bazirudien Athleticen toki bat egin zezakeela Lehen Mailan. Bost partidatan bakarrik parte hartu ahal izan du, eta baliteke berriro lagata joan behar izatea. 23 urte ditu oraindik, eta defentsa lanetan hobetu beharra daukala agerian geratu da.

Athleticen kirol zuzendaritzak defentsaren ezker hegalean gabezia bat izan dezakeela epe ertainean aurreikusi du, eta fitxaketak egin ditu. Izan ere, Yurik 34 urte egingo ditu otsailean. Kontratua amaitzen zaio denboraldi amaieran, baina partida kopuru bat jokatuta luzatzeko aukera izango du.

Ildo horretan, Athleticek 21 urte dituen Adama Boiro fitxatu du Osasunaren bigarren taldetik. Bi miloi ordaindu ditu, eta heldu bezain laster Bilbao Athleticekin jokatu du. Aldi berean, 16 urte egingo dituen Iker Quintero ere iritsiko da hurrengo denboraldian Taxoarretik Athleticera.

Nolaskoain eta Imanol denboraldi aurreko entrenamendu batean Lezaman. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)
Nolaskoain eta Imanol denboraldi aurreko entrenamendu batean Lezaman. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)