INFO

EH Bildu Iruñean izango da Aberri Egunean, «arazo nazionalari irtenbidea» aldarrikatzeko

EH Bilduk manifestazioa egingo du martxoaren 31n Iruñean Aberri Eguna ospatzeko. «Arazo nazionalari irtenbide bat eman behar zaiola» aldarrikatu du Euskal Herriko «hiriburu zaharrean».

Arnaldo Otegi asteazken honetan Aberri Eguna aurkezeko egin duen agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

Martxoaren 31n Aberri Eguna ospatuko da eta EH Bildu aurten ere Iruñean, «hiriburu zaharrean», izango da «arazo nazionalari irtenbide bat eman behar zaiola» aldarrikatzeko, manifestazio baten bidez.

Hala iragarri du asteazken honetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Donostian egindako agerraldian. Bertan adierazi du Euskal Herriak badituela «arazo estrukturalak», eta azpimarratu du «oraindik zazpi lurraldez osaturiko herri hau zatitua dagoela, ukatua dagoela, ez errekonozitua dagoela».

«Eta zentzu honetan, badago ibilbide historiko bat oraindik orain egin behar duena herri honek, Euskal Herriak, behar eta nahi duen eszenatoki batera eramateko», gaineratu du, azaroaren 19an Bilbon egindako manifestazioa gogoratuz. ‘Nazio bat gara’ lelopean egin zuten aipatutako manifestazioa, eta «espiritu horrekin» aterako dira Iruñeko kaleetara.

Aukerak «biderkatu» dira

Otegik gaur egungo testuingurua nabarmendu du, nazio auziari erantzun bat emateko aukerak «biderkatu» direla ohartaraziz. Izan ere, frantziar Gobernua Konstituzioa aldatzeko prest agertu da, Nafarroako Parlamentuan ere irekita dago Hobekuntzari buruzko batzorde bat eta EAEn «badago aspaldi» batzorde bat autogobernuari buruz hitz egiteko. «Finean, batak eta besteak mahai gainean jartzen dutena gauza sinple bat da, nazio izaera duen herri batek behar duen eta egin beharko duen eztabaida».

Espainiako Estatuari dagokionez, esan du EH Bilduk duela urteak adierazi zuela «Gobernu ezberdin batek tratamendu ezberdina eman beharko ziela arazo nazionalei. Eta historikoki espainiar Estatuan arazo nazionala etengabe mahai gainean jartzen den arazoa da. Ez euskaldunok arazo bat dugulako, baizik eta Estatuak berak arazo bat duelako, natura demokratikoa duen arazo bat. Estatu horrek aitortu behar du nazio aniztasuna».

«Hori da guri interesatzen zaigun eztabaida. Azken finean nazio aniztasuna onartzetik hasten da bide bat non posiblea den Euskal Herria, Katalunia eta Galiza, eta Estatua bera, beste motatako termino batzuetan kokatzea eta beste motatako eszenatoki batean kokatzea. Horregatik Aberri Egunean berriro ere esango dugu Euskal Herria nazioa dela», gaineratu du.

EAEko hauteskundeak

Aberri Egunean EAEko hauteskundeen kanpainaren eragina sumatuko ote den galdetuta, Otegik argi utzi du EH Bilduk ez dakiela zein den «data ezkutatzearen inguruko abantaila», eta adierazi du «Euskal Herriko zati honek eskertuko lukeela jakitea zein izango den hauteskundeen data».

«Baina hori lehendakariaren eskumena da, eta ni ez naiz horrekin tematuko. Gu prest gaude, eta gu bezala mundu guztia», amaitu du.