INFO

Laborariek ekintza berriak egin dituzte saltoki handietan, tartean Lapurdin

Frantziar Gobernuak nekazaritza politikan aro berria iragarri ondoren errepideen blokatzea altxatzeko deia egin zuten, atzo Parisen, FDSEA eta Laborariak Gazteak sindikatuek. Alta, ostiral honetan, hainbat saltoki handien aurrean ekintzak egin dituzte, tartean Angelun eta Hazparnen.

Sarrerak blokeatu ondoren, Carrefour saltokian sartu dira laborariak, Angelun, «hemengoak ez diren produktuak», apaletatik kentzeko. (Patxi BELTZAIZ)

Frantziar Gobernuak nekazaritza politikan aro berria iragarri zuen atzo ostegunean, nekazarien kezkei erantzuteko egitasmo zabala aurkeztuz. Horren ondoren errepideen blokatzea altxatzeko deia luzatu zuten, Parisetik, mugimendu horren bultzaile nagusiak izan diren FDSEA eta Laborariak Gazteak sindikatuek.

Alta, ostiral honetan saltoki handien aurrean ekintzak egin dituzte, tartean Angelun eta Hazparnen.

Laborariak BAB2ko eremu komertzialaren sarreran plantatu dira, Angelun. Bertara erosketak egitera joan diren bezeroei haien aldarrikapenak jakinaraziz orriak banatu dizkiete.

Ondoren nekazarien talde bat hipermerkatu barrura sartu da eta, hedabideak ondoan zituztela, «hemengoak ez diren proiduktuak» kendu ditu apaletatik.

Antzeko ekintza egin dute Hazparnen, kasu horretan herriko saltoki handi biren aitzinean eraman dutela aurrera haien kexa, laborariek haien mozkinengatik diru-sarrera apalak eskuratzen dituzten bitartean, saltoki handiek prezio emendatze handia jasotzen dutela.

Gabriel Attal lehen ministroak ezohiko agerraldia egin zuen, ostegun eguerdian, Matignon jauregian, Parisen, frantziar nekazaritzaren «aro berria» iragartzeko.

Ordu batzuk geroago, Bruselatik, Emmanuel Macronek «Europa mailako nekazaritza eredu berria» plantan emateko erronka irudikatu zuen.

Bi agintariek nabarmendu zuten «zailegiak diren arauak» lausotzeko beharra, eta «konpetentzia desleiala» saihesteko kontrolak zorroztu beharra.

Bruno Le Maire Ekonomia ministroa, Nekazaritza ministro Marc Fesneau eta Ekologia ministro Christophe Bechu izan zituen ondoan lehen ministroak Parisen eginiko aurkezpenean. 150 bat milioiko «laguntza fiskala» aurkezteaz gain, nekazaritza politikari dagokionez sakoneko aldaketa iragarri zuen Attalek.

Bere hitzek esperotako emaitza izan zuten; handik minutu gutxira FDSEA eta Laborantza Gazteak sindikatuek azken bi asteetan Hexagono errepide sare nagusian ezarrirako blokeoak bertan behera uzteko deia zabaldu zuten. Hala, mobilizazioa ez zela amaitua, baizik eta beste molde batzuekin jarraituko zuela ohartarazi zuten bi sindikatuetako bozeramaileek.

Adierazpenak itxaronaldi bat ireki zuen. Hala, Paris inguruan ezarritako blokeatze gune batetik hainbat nekazarik, zuhurki, «iragarpenak zehazteko, eta idatziz jartzeko» eskatu zuten.

Beste eskualdeetan, berriz, hala nola Bretainian, laborariak blokeatze guneak desmuntatzen hasi ziren atzo iluntzean, «sindikatuetako zuzendaritzen erabakiarekiko konfiantza agertuz».

Anartean, sindikatuen dinamitatik at jardun zuten beste hainbat laborarik hipermerkatuetan ekintzak egiten jarraitu zuten eta «aldaketak berehala» aplikatzeko galdetu zuten, hala nola Gers frantziar eskualdetik.

Errepideen desblokatzea jarraitu du gaur goizean, baita saltokietan laborariek plantan emandako protestak ere, hala nola Euskal Herrian.