INFO

«Armada kolpistaren» aurrean borrokatu zirenen balioak aitortu ditu Lakuak Abadiñoko indusketan

«Armada kolpistaren» aurrean «askatasunaren, demokraziaren eta gizarte-justiziaren alde bizitza eman zuten gudarien sakrifizioa» aintzatetsi du Nerea Melgosa sailburuak Aranzadi eta Euskal Prospekzio taldea Abadiñon egiten ari den indusketara egindako bisitan.

Saibigain mendian egiten ari diren indusketa lanak ezagutu dituzte Lakuako arduradunek. (IREKIA)

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak hainbat ordezkari instituzional hartu dituzte igande honetan, Abadiñoko Saibigain mendiaren gailurraren inguruan, 1936ko gerran borroka egin zuen gudari baten hezur-hondakinak hobitik ateratzen ari diren tokian. Bertan izan da Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta  kolpisten aurrean «askatasunaren, demokraziaren eta gizarte-justiziaren alde bizitza eman zuten gudarien sakrifizioa» aintzatetsi du.

Aranzadi taldeak eta Euskal Prospekzio Taldeak bi hezur-hondakin aurkitu eta berreskuratu dituzte, gorputz-adar baten beheko aldeari dagozkionak. Dirudienez, femur bakarra da, bitan apurtuta, baina azterketa antropologiko baten bidez konfirmatu behar dute. Aurkikuntza Saibigain mendiaren gailurretik hurbil dago, lurzoruaren azaleko geruzan, pista batetik hurbil.

Igande honetan, indusketa lanak ezagutzera agertu dira Abadiñoko mendira, Melgosarekin batera, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordea eta Gorka Urtaran Arabako Gizarte Politiken foru-diputatua, besteak beste.

Horiekin batera, inguru horretan borrokan desagertutako batzuen familiako kideak ere izan dira. Egun, desagertutako pertsonen hamaika seniderekin harremanetan dago Gogora Institutua, eta haiekin lan egiteko asmotan da, etorkizunean hezur-hondakinak identifikatzen laguntzeko.

«Zorretan gaude»

Lakuak ohar batean adierazi duenez, 36ko gerraren garaiko dokumentazioak eta orduko lekukotasunek inguru hartan 1937ko apirilaren 6tik 15era bitartean gertatutako borroka ankerrei buruz hitz egiten dute. Saibigaingo gailurra puntu estrategikoa zen ikuspuntu militarretik, eta hainbat argitalpenek erakusten dute nola, batailen ondoren, lekua hilotzez beteta geratu zen. Hortik datorkio "odolaren mendia" goitizena lekuari.

Leku horretatik, Melgosa sailburuak «askatasunaren, demokraziaren eta gizarte-justiziaren alde» bizitza eman zuten gudarien «sakrifizioaz» hitz egin du. «1937ko apirilaren 14a eta Saibigaingo bataila, ‘odolaren mendian’, Euzkadiko Gudarostearen borrokaren data heroikoenetakoa da. Belaunaldi harekin zorretan gaude, zor hori kitatu nahi dugu, ahal dugu eta behar dugu», gaineratu du.

Giza hondakinak bilatu, aurkitu, hobitik atera eta identifikatzea da, sailburuaren hitzetan, hori egiteko lehen urratsa.

Euskal Prospekzio Taldearen, Aranzadi Zientzi Elkartearen eta Gogora Institutuaren lana eskertu eta aitortu ondoren, Melgosak iragarri du datozen hilabeteetan lanak zabalduko direla, Urkiolako parke naturaleko paraje horietan 2024. urterako prospekzio-baimena lortu ondoren.

Igande honetan atera diren hezur-hondakinez gain, Euskal Prospekzio Taldeak inguru horretan egindako prospekzio-kanpainan, metraila-hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak aurkitu dira, hala nola gerrikoen belarriak eta borrokalarien jantzien metal-hondarrak.

Azken hogei urteetan, Gasteizko Gobernuak 1936ko gerraren eta errepresio frankistaren 296 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu ditu.