INFO

Maiatzean amaitu nahi ditu Lakuak Zaldibarko zabortegia behin-behinean zigilatzeko lanak

Lakuako Gobernuak Zaldibarko zabortegia behin-behinean zigilatzeko lanak egiten ari da. Astelehen honetan iragarri duenez, helburua da zazpi hilabeteko epean lan guztiak osatzea, urriaren erdialdean egikaritze subsidiarioa hasten denetik zenbatzen hasita.

Zalbidarren egiten ari diren lanen argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Astearte honetan lau urte beteko dira Zaldibarko zabortegia erori zenetik. Luizi handia izan zen 2020ko otsailaren 6an eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze harrapatu zituen. Azken honen gorpua aurkitu zuten sei hilabete igaro ondoren, Beltranena ez. Lakuak eraman zuen aurrera gorpuen bilaketa, eta ondoren lanean jarraitu du zabortegia behin-behinean zigilatzeko.

Ohar batean azaldu duenez, urriaren erdialdetik ari da lanean, mantentze lanik ezaren ondorioz egonkortasun baldintzek okerrera egin dutela antzeman eta txosten teknikoen bidez egiaztatu ondoren. Dioenez, helburua da zeregin guztiak zazpi hilabeteko epean betetzea, ekintza hasi zenetik zenbatzen hasita. Aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da, eta lanak exekuzio subsidiarioaren bitartez egiten ari dira.

Gasteizko Gobernuak nabarmendu duenez, behin-behineko zigilatze lanak egiten ari dira euri ura ez iragazteko eta, ondorioz, hondakin masaren pisua ez handitzeko, egonkortasuna bermatuz. Lehenengo asteetan, lanak lurzorua berriro egokitzean zentratu ziren, eta jatorrizko isurketa-ontziaren azalera osoa garbitu da.

Gaur egun, gainazalean %4ko gutxieneko malda duen azalera konbexua ematen duten materialen aportazioa egin ondoren, polietilenozko oihalak jartzen ari dira, eta behin soldatu ondoren zabortegiaren azalera estaliko dute.

«Soldaduraren kalitatea alderdi kritikoa da zigilatzearen osotasuna zaintzeko; izan ere, soldadura makinek polietilenozko oihalen muturrak lotu ahal izateko, beharrezkoa da inolako hezetasunik ez egotea. Horren ondorioz, meteorologiak obraren bilakaerari eragiten dio, euriak edo  kondentsazioak lan horiek egitea eragozten dutelako. Ildo horretan, azken egunetako meteorologiak obraren programazioa betetzea ahalbidetzen du», gaineratu du.

Lanak bi fasetan banatu dira: lehenengoa eta «kritikoena», orain egiten ari direna, malda handiena duen eta diketik gertuen dagoen eremuan, eta bigarrena zabortegiaren goiko aldean. Aurreikusten da lehen fase horretako instalazio-lanak martxoan zehar bete ahal izango direla.

«Oso garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk honako hauek dira: soldatutako xaflak ainguratzea haizeak osotasunari eragin ez diezaion, eta zabortegiaren gainazalean hainbat elementu ez egotea, hala nola harriak, adarrak eta abar. Bi beharrizanei erantzuteko, malda bakoitzaren arteko bide horizontaletan, material pikortsu fina jarriko da zigilatzearen gainean. Material hori ez da kaltetuko, eta haren pisuak eutsi egingo dio, haize bortitzen aurrean kaltetu ez dadin», ohartarazi du.

Era berean, obrako segurtasun-neurrien artean, asteroko obra-bileretan maila freatikoaren jarraipena egiten da isurketa ontziaren bi puntutan eta lixibiatuaren irteera emariaren jarraipena, isurketa-ontziak behar bezala drainatzen duela ziurtatzeko.

Azkenik, Lakuak nabarmendu du modu subsidiarioan egiten dituela lan horiek guztiak: «Beraz, jarduketak amaitutakoan, ingurumen organoak horiek ordaintzeko eskatuko du, eta, hala badagokio, araudiak zorra kobratzeko gaitzen dituen neurriak hartuko ditu, orain arte Zaldibarko zabortegian egindako lanek sortutako gainerako zorrekin egin duen bezala».