INFO

Jokin Altunak ez du larunbatean jokatuko eta astearteko partidan du jarria jomuga

Jon Mariezkurrena itxaropentsu agertu da, baina ostegunera arte ez du erabakiko astelehenean Tolosan izango den Elordi-Rezustaren aurka aritzeko.

Jokin Altunak ez du bere burua larunbatean jokatzeko moduan ikusten. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Jokin Altunak ez du erabakia gehiago luzatu nahi izan eta, bere eskua nahi bezala ikusten ez duenez, larunbat honetan Iruñean Artola-Imazen kontra jokatu beharreko partida jokatzeari uko egingo diola jakinarazi du Tolosan. Bitxia izan da, asteartean Beotibarren jokatzekoa den lehiarako material aukeraketa eta Labriten larunbateko partidarakoa baino lehenago egin baita eta inauteri asteartean Tolosan egotea ez du baztertzen amezketarrak. Jon Mariezkurrenak, bere aldetik, «gauzak normal» astelehenean Elordi-Rezustaren aurka arituko dela uste du, baina ostegunera arte itxaron nahi du behin betiko erabakia hartu aurretik.

«Ez nago prest, entrenatzeko ere komeriak ditut eta larunbatean ez jokatzea erabaki dut, gainera oraintxe nagoen bezala oso arriskutsua  ikusten dut partida bat jokatzea, txapelketaren gauden momentuan are eta gehiago. Gainera Javi Zabalak aurrekoan sekulako maila eman zuen eta ongi irabazia du beste aukeratxo bat eta konfiantza osoa daukat, euren maila ematen badute, Artola-Imazen aurka irabazteko aukerak ikusten dizkiet eta ea beste puntutxo bat ateratzen duten», azaldu zuen amezketarrak.

Atzo herriko pilotalekuan eskuak egiten hasi eta bost minutura utzi egin behar izan zuen eskua berriro ere handitzen hasi zitzaiolako eta egungo Lau eta Erdiko txapeldunak argi dauka horrela ezin duela kantxara irten. «Ostiral aldera berriro pribatuko dut, takoak egin, ea asmatzen dudan, ea min gutxiago ematen didan baian gauza bat da min pixka batekin jokatzea eta beste bat orain bezala pilota ezin jo aritzea eta horrela ezinezkoa da», aitortu du.

Gainera, larunbatean aritzekotan, asteartean beste konpromiso bati egin beharko lioke aurre, sailkapenari begira are garrantzitsuagoa izan daitekeen lehia bat, eta horrek arriskuak handitzen ditu, baina horrek ez omen du eraginik izan erabakian. «Badakit eskuko min pixka batekin jokatzen, baina horrela ezin dut irten, entrenatzera joan eta bost minutura utzi egin behar izan dut eta horrela zaudenean jakin behar da albora pauso bat ematen. Julen oso ondo ikusten dut, konfiantza handiarekin, kantxan disfrutatzen eta Zabalak hilabete asko daramatza maila ikaragarrian eta bikote zaila izango dira Artola eta Imazentzat», adierazi du. «Nik larunbatean emango nukeena baino askoz maila hobeagoa emango du Zabalak, ni oraintxe bertan  ez naiz gai partida on bat jokatzeko Javi bai eta gure bikotearentzat hobea da Javik jokatzea», gaineratu du, bere ordezkoan erabateko konfiantza azalduz.

Mariezkurrena, zuhur

Bi astez kantxetatik at egon ostean, Jon Mariezkurrena, «printzipioz» astelehenean itzuliko da Binakako txapelketara, baina «ostegunean egin nahi dut azken proba. Atzo hemen egon nintzen Aimarrekin, nahiko fuertea ere eta sentsazio oso onekin amaitu nuen, aurreko ostegunean ez ziren erabat txarrak izan baina azken aldera bai nabaritu nuela zerbait eskuan eta erabaki genuen ez jokatzea eta nik uste astelehenean hemen egongo naizela», adierazi du.

«Lehen bati lehen osatu nahi dut eskua, erritmoa berriz ere hartu, hiru astetara finalerdiak helduko dira eta %100ean heldu behar dugu besteei lanak emateko eta hala heldu nahi dugu», gaineratu du.