INFO

Stockholmeko ikasleak Albaolako aprendiz izango dira astebetez

Stockholmeko Skeppsholmes Folkhoskola eskolako ikasleak Albaolako Nazioareko Ontzigintza Eskolan izango dira astebetez, Aprendiztegi izeneko eskola honen eredua ezagutzeko. Ontzien mantentze lanetan, eraikuntzan eta egur kudeaketan arituko dira, besteak beste.

Aprendiztegin elkarlanean ariko dira bi eskoletako ikasleak. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA)

Stockholmeko Skeppsholmes Folkhoskola eskolako hogei ikasle eta bi irakasle Albaolako Nazioarteko Ontzigintza Eskolan ibiliko dira aste honetan, Aprendiztegiko eredua bertatik bertara ezagutzeko.

Albaolatik azaldu dutenez, bi eskolen arteko hartuemana 2021ean hasi zen; urte hartan Anette Clefberg, Stockholmeko Skeppsholmens eskola ospetsuko presidentea, eta Eva Ripa Torstenson, eskola bereko ontzigintza arloko zuzendaria, Albaolan murgilduta izan ziren astebetez, Aprendiztegi eskolaren formatua, xedeak, antolakuntza, irakasleak, ikasleak eta programa pedagogikoa ezagutzeko helburuarekin. «Egonaldi aberasgarri honen fruitu da aste honetako elkartrukea», nabarmendu dute.

Egonaldian zehar ontzien mantentze lanetan, eraikuntzan eta egur kudeaketan arituko direla aurreratu dute, eta Donostiako Euskal Itsas Museoa bisitatzeko parada ere izango dute. Otsailaren 7tik 10eta bitarte, Skeppsholmes-eko ikasleak Albaolako aprendizekin elkarlanean arituko dira.

«Bi ontzigintza eskolen arteko lankidetza honi esker, itsas historia aberatsa duten bi herrien arteko elkartrukearen lekuko izango gara», ospatu dute Albaolatik.

Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskola 2017an jarri zuen abian Albaolak, itsas lanbidearen gaineko ikaskuntzak mundu osoko ikasleei zabaltzeko. Tokiko ikasleekin batera, Italia, Belgika, Grezia, Austria, Irlanda, Suitza, Brasil, AEB eta Estatu espainol eta frantseseko ikasleak hartu ditu Aprendiztegik.

Eskola belaunaldi berriei zurezko ontzigintza transmititzeko helburuarekin sortu zela ekarri du gogora Albaolak. Urteko gehienez 6 leku eskaintzen dira eta ikaslearen motibazioan eta hezkuntza esperientzialean oinarritua dago plana. «Bere izaeragatik munduan bakarra da, eta hori dela eta behin baino gehiagotan aztertua izan da», nabarmendu dute. Hiru urteko formakuntza integrala eskaintzen da teknika berriak eta tradizionalak ikasteko.