INFO

Euskara biziberritzeko plana aho batez onartu du Baionako Herriko Etxeak

Sei urteko (2024-2030) iraupena izanen duen euskara plana berria onartu du, aho batez, Baionako Herriko Etxeak. Jean-Rene Etchegarayk auzapezak goraipatu du egitasmoa. Oposizioak, berriz, ehun ekintzaz osaturiko gida-eskema onartu izana txalotu badu ere, aurrekontua eskas duela agerian jarri du.

Baionako Herriko Kontseiluak aho batez onartu zuen egitasmoa. Argazkia abenduan eginiko bilkuran hartu zen. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako Herriko Kontseiluak aho batez onartu du, otsailaren 8an, euskara biziberritzeko gida-eskema izeneko egitasmoa. Ehun ekintzaz osaturiko plana 2024 eta 2030 artean izanen da indarrean.

2017an onartu zen lehenengo planari segida emanen dion egitasmoak hiru norabide nagusi finkatu ditu.Hala, lehen helburua da «belaunaldi gazteen artean euskara transmititzea eta biziaraztea».

Zentzu horretan, haur txikiei zuzenduriko harrera zerbitzuak garatzeko eta auzo ezberdinetan hezkuntza elebiduna eta murgiltze eredua sustatzeko nahikeria jasotzen du.

Era berean, eskolaz kanpoko jardueretan ere euskaraz eginiko eskaintza zabaltzeko asmoa agertu du herri erakundeak.

Planaren bigarren xedea litzateke «euskara biziaraztea eta partekatzea» Lapurdiko hiriburuan.

Hirugarren asmo nagusia, berriz, «euskararen presentzia eta erabilera azkartzea herritarrentzako zerbitzuetan».

Azkeneko atal horretan Baiona Hiriaren komunikazio eta informazio zerbitzuetan «euskararen presentzia eta erabilpena» sendotzeko asmoa azaltzen da.

Erakundeetako barne funtzionamoldean euskararen erabilpena sendotzea da aipaturiko atalean azaltzen den beste asmo bat. Horrendako, besteak beste, «langileen formazioa zabaltzea zerbitzu elebiduna eskaini ahal izateko» xedea bere baitan hartzen du euskara biziarazteko planak.

500.000 euroko aurrekontua

Orotara 500.000 euroko buxeta izanen du Baionako Herriko Etxean onarturiko egitasmoak.

Jean-Rene Etchegarayk txalotu du «euskara hirian sustatzeko borondatea» irudikatzen duen egitasmoa.

Euskara biziberritzeko plana «desmartxa kolektiboaren emaitza» izan dela aitortu ondoren, proposamena mamitzeko lan egiten duten guztientzat esker oneko hitzak izan ditu.

«Inoiz baino gehiago hizkuntz aberastasuna baieztatzeko ordua» dela nabarmendu ostean 2024-2030 gida-eskemak etapa garrantzitsua markatuko duela gehitu du auzapezak, «gure hizkuntz eta kultur identitatea ozen aldarrikatzeko».

Onartua izan baino lehen eztabaida eta kalapita franko sortu dituen planak oro har ontzat eman badu ere, udal oposizioak bere helburuak bete ahal izateko baliabide eskas dituela oharrarazi du.

Hala, Bihar Baiona taldeak hainbat kezka azalaratu ditu, Sophie Herrera bere kontseilariaren ahotik. Zinegotziaren erranetan euskara planari egokitutako buxeta berrikustea komeniko litzateke.

Are gehiago kontuan hartuta beste hainbat herritan, hala nola, Urruñan, herri agintariek anbizio handiagoa erakutsi dutela euskararen sustapenari begira, aurrekontu orokorraren %1a ezarriz.

Urruñak euskara biziberritzeko lehen plana ardatz harturik, «milioi bat euro baino gehiago litzateke urtean Baionarentzat», azpimarratu du Herrerak, kazeta.eus atariak jaso duenez.

Hezkuntzaren egoera

Bere aldetik, talde berean jarduten duen Mathieu Berge eskualde kontseilariak irakaskuntza elebidunak eta murgiltze ereduak biek ala biek egoera zaila izan dutela oroitarazi du.

«Ezin dugu onartu hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ordutegi parekotasuna ez hurbiltzea plan hau kolektiboki bozkatzen dugun unean», adierazi du oposizioko ordezkariak.

Ildo beretik, Mixel Esteban hautetsi ekologistaren ustez, «hizkuntza politika batek egiazko zerbitzu bat behar du».

Egitasmo berria plantan emateko eginiko lana ontzat eman badu ere, Estebanek premiazkoa jo du Baiona hiriko euskara zerbitzuaren giza baliabideak emendatzea.

Gaur gaurkoz bi langile baino ez ditu aipaturiko udal zerbitzuak.

Baionako hiriak onartu duen euskara planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko auzolanean arituko dira lau egitura: udaleko euskara zerbitzua, gidaritza batzorde bat, batzorde tekniko bat eta euskararen hiriaz gaindiko batzordea.