INFO

This browser does not support the video element.

Nekazariek, elikadura sistema «tokikoa izatea» aldarrikatuz, Bilbo hartu dute

Ehun bat traktore Bilbora iritsi dira ostiral honetan, EHNEk eta ENBAk deituta, Europako merkatu libreko akordio guztiak «bertan behera» geratu daitezen eskatzeko, elikadura sistema «tokikoa izatea» beharrezkoa ikusten dute eta. Areatzan arkumea saltzeko azoka gardena egin dute.

Traktoreak Bilbora ere iritsi dira ostiral honetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko nekazariek Bilboraino eraman dute protesta ostiral honetan, ENBA eta EHNE sindikatuek deituta. Elikadura sistema «tokikoa» izatea eta Europako merkatu libreko akordio guztiak «bertan behera» uztea eskatu dute San Mamesen egindako elkarretaratze batean.

Nazioarteko akordio horiek dakarten «errentagarritasun falta» horrek baserrien biziraupena «arriskuan» jartzen duela ohartarazi dute. Zehazki, «kalitatezko eta gertuko elikagaien ekoizpena», «gure nekazaritza-jarduera garatzean egiten dugun lurraldearen kudeaketa» eta «oreka soziala, belaunaldien arteko erreleboa ezinezkoa delako».

Goizean goiz sartu dira Bilbora traktorada batekin, hiru zutabetan banatuta: Durangaldea eta Artibai; Busturialdea, Gernika, Erandio eta Txorierri; eta Enkarterri eta Ezkerraldea. Elkarretaratzea egin bitartean «pedagogia apur bat egiteko» azoka gardena egin dute Areatzan. Bertan, abeltzainek arkumeak jarri dituzte salgai, laurden bat 20 euroko prezioan. 50 arkumeak berehala saldu dituzte, 9.30etarako jendea zain baitzegoen, eroslearentzat zein ekoizlearentzat bidezkoa den prezioan erosteko. Horrela, traktorada iritsi denerako azoka bukatuta zegoen jada.

Ekimenarekin Zeelanda Berriarekin sinatutako akordioak izango dituen ondorioak jarri nahi izan dituzte mahai gainean. Izan ere, hitzarmenaren arabera, herrialdeak lehentasuna izango du hango bildotsak eta esnea hemengo merkatuetan saltzeko.

San Mamesera aurreikusita zegoena baino beranduago heldu dira 100 bat traktore, nor bere eskualdetik. Normalean lanerako darabilten ibilgailua aldarriz apaindu dute gaur baserritarrek, ‘Gure lana zuen jana’, ‘Baserritik bizi nahi dugu’ eta ‘Landarik gabe ez dago bizitzarik’ bezalako leloekin.

Bertan azaldu du EHNEko Unzalu Salterainek zeintzuk diren baserritarren eskakizunak. Batetik, galdegin dute Europako merkatu libreko akordio guztiak bertan behera uztea, bertako baserritarrentzat «galbidea» ekarriko duela salatu baitute.

Bestetik, Salterainek aldarrikatu du bidezko prezioak bermatu behar zaizkiela baserritarrei, ezin dutela jarraitu «kosteen azpitik saltzen eta laguntza batzuekin». Bilbon batu diren ekoizleen ustez, egungo politika ereduak «porrot» egin du eta tokikotzea ezinbestekoa da.

Horrez gain, baserritarrek pairatzen duten «gehiegizko burokrazia» ere salatu dute: «Burokraziak jaten gaitu». Izan ere, ENBAko Iñigo Bilbaok azaldu duenez, urtean hilabete baten baliokidea bideratu behar izaten dute burokrazia kudeatzeko, lau administrazio maila desberdinetan aurkeztu behar izaten dutelako dokumentazio bera.

San Mamesen Bizkai osotik etorritako zutabeak batu ondoren, batera Areatzara abiatu dira, Kale Nagusian behera. Txalo artean hartu ditu jendeak ibilbide osoan zehar, eta harrera beroa egin diete Arriaga parera iritsitakoan ere.

Areatza osoa hartu dute traktoreek eta ekitaldia egin dute bertan. Karlos Ibarrondo ENBAko presidenteak Salterainek azaldutako eskaerekin bat egin eta konpromisoa galdegin diete alderdi politikoei, horiek entzun eta behar bezalako erantzuna eman diezaieten.

EHNEko Andoni Garciak ere hartu du hitza eta multinazionalak Euskal Herriko lurrak eta urak bereganatzen ari direla salatu du. Halaber, Maite Aristegi Etxalde elikadura subirautzaren aldeko mugimenduko kideak azaldu du badutela egoerari buelta emateko plan egingarria, eta hura egikaritzeko borondatea baino ez dela falta.

Urkulluren babesa

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak «babesa» agertu die euskal nekazariei, eta nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeentzat nekazaritza-sektorea «estrategikoa» dela.

Sare sozialetan argitaratutako iruzkin batean, lehendakariak bere iritzia eman du egunotan euskal nekazariek sektorearen egoeraz ohartarazteko eta Europar Batasunetik kanpoko produktuek europarren eskakizun berak bete ditzaten eskatzeko egiten ari diren mobilizazioei buruz.

«Sektoreko ekoizleek eta ordezkariek badakite euskal erakundeentzat eta gizartearentzat nekazaritza-sektorea estrategikoa dela. Gure babesa eta babesa dute. Badakite euskal erakundeek zer egiten duten haien alde, bai Euskadin, bai Estatuan, bai Europan, eta bereziki NPBren eskakizunen aurrean», adierazi du Urkulluk Facebooken bidez.

Nork bere agenda

Salterainek argi utzi nahi izan du gaurko mobilizazioek ez dutela zer ikusirik eskuin muturrarekin lotutakoekin: «Hor mugitzen den jendeak merkatu libreago bat nahi du, pestiziden eta fertilizanteen erabilera areagotzea eta abar». Gaur, ordea, alderantzizko bidea egitea da aldarrikatu dutena, «iraunkortasunari lotutako bidea».

Kalera ateratzera bultzatu dituenak batzen ditu, bai, baina eskatzen dutena desberdina da, Salterainek azaldu duenez. Halaber, «oso larritzat» jo du, «ikuspundu sindikal batetik», Nafarroan sindikatuek nafar gobernuarekin negoziatu nahi ez izatea eta norbanakoak izatea hartu emanetan ari direnak.